Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko azaroak 17

Gobernuak foru dekretu bat onetsi du udalek hirigintza-planak egiteko laguntzak bizkortzeko

Dirulaguntza sistema berriak gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu, udalerriaren ezaugarrien eta konplexutasunaren arabera handitu ahalko direnak

Foto noticia

Udalek hirigintza-planak egiteko dirulaguntza sistema berria arautzen duen Foru Dekretua onetsi zuen Nafarroako Gobernuak joan den azaroaren 16an. Testuan aurrekontuaren %80ko gehieneko zenbatekoak ezarri dira eta horiei %10 gehitu ahal izango zaie honako ezaugarri hauetako bakoitzeko: udalerri konposatua izatea edo 3 herrigune edo gehiago eta 70km2-tik gorako azalera izatea.

Arau berriak izapidetze soilagoa eta berehalakoa ahalbidetuko du eta aurrekontuaren eraginkortasuna hobetuko du administrazio-sinplifikazioa bilatuz. Zehazki, egungo urte anitzeko ekonomia planifikazioko sistemaren ordez, urtero onetsiko diren dirulaguntza deialdiak argitaratuko ditu Gobernuak, banakako ebaluazioko araubidearen arabera ebatziko direnak, eta laguntzak zuzenago ordaintzea ahalbidetuko duena. Horrela,  udalak hirigintzako planeamenduaren tresnak izapidetzeko fase ezberdinak bete dituela egiaztatu eta horren arabera emango dira dirulaguntzak.

Bi motatako laguntzak

Laguntzek jomuga bikoitza dute. Batetik, udal plan orokorrak idaztea edo berrikustea eta, bestetik, plan bereziak idaztea.

Lehenengoei dagokienez, udal plan orokorrak egiteko bost faseetako bakoitzerako gehieneko dirulaguntza zenbatekoak ezartzen dira: udalak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua (LOEE) onestea (dirulaguntzaren %15); Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak LOEE onestea (dirulaguntzaren %15); hasierako onespena (dirulaguntzaren %35); behin-behineko onespena (dirulaguntzaren %25) eta behin betiko onespena (%10).

Laguntzak 120.000 euro artekoak izan daitezke 1.000 biztanletik beherako udalerrietan, 270.000 eurora iritsi arte, 10.001 biztanletik gorakoetan.

Plan bereziak ordea, hiri birgaitzeetan eta berritzeetan herriguneen antolamendu integralera bideratuak daude. Plan horiek etxebizitza alorrean indarreko araudiak arautzen dituen zaharberritzeko eremu lehenetsiekin bat egin ahalko dute. Kasu horretan, Foru Dekretuak 50.000 euroko gehieneko zenbatekoak ezartzen ditu 5-10 hektareako azalera duten udal-mugarteetarako; 75.000 eurokoa 10-20 hektareakoetarako eta 100.000 eurokoa hori baino azalera handiago dutenetarako.

Kopuru horiei %10eko osagarria gehitu beharko litzaieke aipatu konplexutasun ezaugarri bakoitzeko: udalerri konposatua edo 3 herrigune edo gehiago eta 70km2-tik gorako azalera izatea.

Gainera, dekretu berriak aurreko dekretuak ezartzen zituen diruz laguntzen ahal ziren tarteak aldatzen ditu. Horri esker, denboran zatikatutako laguntzak ahalbidetzen ditu, udal planeamenduaren behin betiko onespen fasea ere barne hartuko duena, orain arte dirulaguntzarik jasotzen ez zuena.

Diruz lagundu ahalko den udal gastua plan orokorrak edo bereziak egiteko profesionala kontratatzeko ordainsarien kostua izango da. Nafarroako Gobernuko laguntza kontratuaren esleipen-prezioaren %80ra iristen ahalko da.

Foru dekretu berria Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAOn) argitaratu eta 3 hilabetera jarriko da indarrean. Hortik aurrera, dagokion dirulaguntza deialdia argitaratuko da.

Dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, toki entitateek, aurretiaz, departamentu eskudunarekin elkarlan hitzarmena egin beharko dute; kasu honetan Lurraldearen Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua da eskumena duena. Hitzarmenak planaren idazketarako helburuak eta irizpideak jaso beharko ditu, besteak beste, bai eta jarraipen batzordearen osaera ere.