Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko azaroak 16

Eskubide Sozialetako Departamentuak eta toki entitateek desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelen sistema berria abiatu dute

Udalek dute txartel horiek emateko eskumena eta orain, eredu berriarekin, txartelen diseinua udalerri guztientzat bateratu egin da Derrigorrezkoa da egungo txartela eguneratzea eta 2023ko martxoaren 24ra arteko epea dago horretarako, Nafarroako udaletan edo internet bidez

Foto noticia

Zabalik da desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel berriak eskatzeko epea. Txartelak bakarrak eta besterenezinak izango dira eta horien bidez baimenen erregistro bakarra egin ahal izango da. Horrela, txartela berritzea ezinbestekoa izango da eta dagoeneko egin daiteke pertsonak erroldatuta dauden toki entitateetan, edo, bestela, modu telematikoan, esteka honen bidez. Izan ere, toki entitateak dira txartelak esleitzeko eskumena dutenak.

Zerbitzuaren kudeaketa-sistema berria Eskubide Sozialetako Departamentuak eta NUKFk, Cermin eta “Okupas motorizados” gizarte erakundeekin elkarlanean, egindako lanaren fruitu da.

Horrekin loturik, azaroaren 16an ekimena aurkezteko prentsaurrekoan Berta Enrique Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko idazkariak gogoan izan zuen NUKFk, dagoeneko, ordenantza eredu bakarra egina zuela Nafarroako udalerri guztietan kudeaketa bateratzeko eta, hori horrela, Eskubide Sozialetako Departamentuak txartelak, erregistroa eta txartelen esleipena bateratzeko elkarlanerako gonbidapena egin zionean, baiezkoa eman zion.

Federazioaren iritziz, hori beste aurrerapauso bat zen zerbitzuaren kudeaketa hobetzeko, kaltetutako pertsonen eskubideak bermatzeko eta txartelen iruzurrezko erabilera ekiditeko.

Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak adierazi zuen erregistro bakarra sortzea erreserbaturiko aparkatzeko txartelen iruzurrezko erabilera edo erabilera okerra egiten zen kasuetarako irtenbidea dela eta aparkaleku horiek benetan behar dituzten pertsonek eta horretarako eskubidea dutenek erabiltzea hobe bermatuko dela.

Luis Campos Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusiak ordea esan du Nafarroan eskubide hori dutenen datu errealak eta bateratuak edukitzea ezinbestekoa dela politika publikoak planifikatu ahal izateko.

Desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel berriak pertsonalak eta besterenezinak izango dira pertsona fisiko baten izenean badaude, eta pertsona horrek ibilgailua gidatzen duenean edo ibilgailu batean garraiatua denean erabiliko dira soilik.  Horrela, txartela pertsona juridiko baten izenean dagoenean, soilik, egongo da lotuta ibilgailu baten matrikula zenbakira. Kasu horretan, ibilgailu hori mugikortasun murriztua duten pertsonak garraiatzeko erabiliko da bakarrik.

Faltsutzeak ekiditeko, txartel berriek quazar etiketa bat izango dute, txartel bakoitza benetakoa dela egiaztatuko duena. Horrekin, baimenen iruzurra edo erabilera okerra ekidingo dute baliorik ez duten txartelak edo fotokopiaturikoak erabiltzea modu aktiboan oztopatuz, Okupas Motorizados edo CERMIN erakundeen gisakoek behin eta berriro eskatutakoarekin bat.

Bi motatako txartelak egongo dira: iraunkorrak eta behin-behinekoak. Iraunkorrak Nafarroako Gobernuak aitorturiko desgaitasuna duten pertsonentzat izango dira eta bost urterako esleituko dira. Epe hori luzagarria izango da txartelaren jabeak txartela edukitzeko baldintzak betetzen baditu, betiere.

Txartel horiek mugikortasun murriztua duten pertsona fisikoek eskatzen ahal dituzte, hau da, ezinbestean gurpildun aulkia erabiltzen dutenek, ibiltzeko bi makil erabiltzen dituztenek, urritasun psikikoengatik jarrera oldarkorrak edo kontrolatzen zailak izanagatik ohiko garraiobideak erabili ezin dituztenek, eta mugikortasun murriztuko baremoan, gutxienez, 7 puntu dituztenek.  Halaber, zuzenketarekin begirik onenean 0,1eko ikusmen-zolitasuna edo hori baino txikiagoa duten pertsonek eska ditzakete, edo 10 gradura edo gutxiagora murriztutako ikus-eremua dutenek.

Behin-behineko txartelei dagokienez ordea, honakoek eska ditzakete: mugikortasun murriztua duten pertsonek, nahiz eta mugikortasun horri buruzko irizpen ofizialik ez izan, bizi-itxaropena nabarmen murriztea dakarren gaixotasun edo patologia oso larri baten ondorioz, eta, arrazoiz, aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera garaiz izapidetzeko aukerarik ez dutenean. Behin-behineko txartelek sei hilabeterako esleituko dira eta, gehienez ere, urtebete luzatu ahalko dira.

Txartela eskatzeko dokumentazioa

Aparkatzeko txartel berria eskatu nahi duten pertsona fisikoek NANa eta argazki bat eduki beharko dute. Egokitutako ibilgailuen jabeak diren pertsona juridikoek aldiz, IFK eta autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasunari arreta eskaintzeko gizarte-zerbitzuen prestazioa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Pertsona edo entitate batek aurtengo martxoaren 24tik azaroaren 14ra bitartean txartela eskuratu badu, txartelaren inprimatze berria eskatu beharko du Nafarroako Foru Komunitate osoan txartel-ereduaren homogeneotasuna bermatzeko.

Toki entitateak izango dira eskaerak izapidetuko dituztenak eta, behar izanez gero, 10 egun balioduneko epean, falta diren derrigorrezko agiriak edo informazioa aurkezteko eskatuko diote eskatzaileari. Eskaera ebatzi ondoren, txartela posta arruntaz helaraziko da eskatzaileak adierazitako helbidera.

Carmen Burgui CERMINeko zuzendari teknikoak araua baikor hartu zuen CERMINek egindako eskaerei erantzuten dielako; hala nola, irizpideak bateratzeari eta iruzurra ekiditeari bai eta txartela Europako ereduarekin edukitzeari beste herrialdeetan ere erabili ahal izateko. Gainera, txartela indarrean duten pertsonei datozen hilabeteetan haien udaletara joan eta txartela berritzeko deia egin zien.

Juan Larreta Okupas Motorizados erakundeko ordezkariak esan zuen txartelak ez direla pribilegio bat eskubide bat baizik, desgaitasuna duten pertsonen bizitza errazten duena. Horri loturik, atsekabea adierazi zuen pertsona batek txartelen erabilera bidegabea egiten duenean. Horregatik, Nafarroako herritarrei aparkaleku horiek errespetatzeko eskatu zien txartela ez duten pertsonentzako ikusezinak izango balira bezala.

Edozein argibide eskatzeko, Nafarroako Gobernuak 848683000 telefonoa eta tarjetasaparcamiento@navarra.es posta gaitu ditu. Arreta ordutegia astelehenetik ostegunera 8:00etatik 17:30era izango da; ostiraletan, abenduaren 24 eta 31n, uztailean, abuztuan eta irailean berriz, ordutegia 8:00etatik 15:00etara izango da.