Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 22

Garapen Lankidetzarako Udal Funtsak 11 proiektu finantzatu ditu Afrikan eta Amerikan

Urteko deialdian, 10 proiektu dira osotara eta, bestea, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Eguesibarko, Burlatako eta Barañaingo Udalekin batera egindako hiru urteko proiektu bat da

Foto noticia

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak kudeatzen duen Garapen Lankidetzarako Tokiko Funtsak, aurten 125 toki entitateren parte-hartzea duenak, 10 proiektu finantzatuko ditu aurtengo edizioan Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Eguesibarko, Burlatako eta Atarrabiako Udalekin egiten duen urteko laguntza deialdiaren eta hiru urteko proiektuaren bidez. 2021eko baliabideen banaketa NUKFren Batzorde Betearazleak erabaki zuen urriaren 19an. Horretaz gain, Funtsak 8.000 euro gehiago ematen ditu Nafarroako GGKEen Koordinakundearekin egiten dituen jardueretarako aurten sinatutako hitzarmenaren baitan.

 

Urteko deialdiko proiektuak

Urteko deialdian, guztira, 34 proiektu aurkeztu ziren aurten, eta horietatik, deialdiaren irizpideen arabera aplikatutako puntuazioak aplikatuz, honako hauek hautatu ziren:

 

  1. Ur hornidura Turkana North-eko Riokomor komunitatearentzat. Kenia.
  2. Emakumeen elkarte baten ekoizpen gaitasunak handitzea eta dibertsifikatzea hegazti-hazkuntza eta abeltzaintza sartuz. Maradi. Niger.
  3. Mauritanian emakumeen mutilazioa gutxitzeko eta bertan behera uzteko ekintzak informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien bidez eta emakume gazte liderren parte-hartzearekin. Hainbat komuna. Mauritania.
  4. Hobekuntzak ur seguruaren horniduran kolera-gertakari errepikakorrak dituzten hainbat komunitatetan eta gai horri buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak. Burundi.
  5. Bi gela berri ekipatzea lehen hezkuntzako Fonds Parisien eskolan. Haiti.
  6. Ikastetxe batean komun berriak eraikitzea eta arlo horretan jardunbide egokiak sustatzea. Kivu norte probintzia. Kongoko Errepublika Demokratikoa.
  7. Ur hornidurarako hiru putzu eraikitzea hainbat komunitatetan. Mandou. Chad.
  8. Nacuxako osasun zentroko ama-haurrentzako pabiloia ekipatzea. Nampula. Mozambike.
  9. Palestinako errefuxiatuen kanpalekuetan ura eta bestelako salgaiak garraiatzeko kamioien sare logistikoa indartzea.
  10. Hiru eskolatan komunak eraikitzea eskuak garbitzeko konketekin eta etxaldeetan hiru komun-eredu eraikitzea. Mozambike.

Proiektuei buruzko informazio gehiago

 

Hiru urteko proiektua

Bestalde, Funtsak 35.000 euroko ekarpena egiten du Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Eguesibarko, Burlatako eta Barañaingo Udalekin batera duen hitzarmenaren baitan egiten duen hiru urteko proiektua gauzatzeko. Oraingoan, Guatemalako Corredor Seco eskualdean kokatzen da proiektua. 2020aren amaieran abiatu zen eta klima-aldaketaren ondorioz etengabeko lehorteak dituen eremu batean elikagaiak (landareak, arraina, hegaztiak, etab.) ekoizteko hainbat ekintza barne hartzen ditu.

 

Larrialdiko laguntza

Bestalde, eta Federazioaren aurrekontuaren kargura, Batzorde Betearazleak 4.240 euroko ekarpena onetsi zuen larrialdiko laguntza gisa Haitiko lurrikararen kalteak arintzeko Alianza por la Solidaridad GKEaren bidez. Halaber, 5.760 euroko ekarpena onetsi zuen Palestinako Errefuxiatuen alde lanean diharduen UNRWA Nazio Batuen Agentziaren Nafarroako Batzordearentzat.

 

NUKFren Batzorde Betearazleak Gobernua premiatu du legealdi honetan transferentzia arruntei eta inbertsioei buruzko lege berriak onets ditzan eta Federazioaren Plan Estrategikoari heldu dio berriro

Lankidetzarako Funtsaren jarduketak onetsi zituen saio berean, Batzorde Betearazleak legealdi honetan hainbat legeren bidez tokiko finantza-esparrua onesteko premia agerian jarri zuen transferentzia arrunten zenbatekoa eta banaketa zehazteko, eta Toki Inbertsio Plan berri bat onesteko premia ere nabarmendu zuen. Gai horien berandutzea ikusirik, Batzordeak Gobernuari astebeteko epea ematea onetsi zuen aipatu bi legeen inguruko aurrerapenak helarazteko.

Gainera,  Batzorde Betearazleak berriro Federazioaren lerro estrategikoak egiteko lanei heltzea onetsi zuen 2020ko otsailean etenda gelditu baitziren Covid-19aren pandemia dela eta.