Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko azaroak 19

Ehun bat toki entitatek “Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontra” 2021eko kanpainarekin bat egin dute azaroaren 25ean indarkeria mota horren aurkako nazioarteko eguna dela eta.

Foto noticia

Gaur goizean aurkeztu dute Iruñean oraingoz  97 toki entitate biltzen dituen “Udalak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontra” izeneko 2021eko kanpaina, “Indarkeria bakarra, hamaika modu” lelopean. Aurkezpen ekitaldian, toki entitateetako berrogeita hamar ordezkari politiko inguruk parte hartu dute.

Datozen egunetan, udalek zenbait jarduera egingo dituzte haien udalerritan indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena adierazteko, arazoa agerian jartzeko eta gizartea sentikortzeko.

Kanpainaren aurkezpen ekitaldian, toki entitateek onetsitako adierazpena irakurri dute, aurten, emakumeen aurkako indarkeriaren izaera poliedrikoan azpimarra jartzen duena esparru fisikoan gertatzen delako bai eta sexu-esparruan, esparru psikologikoan, ekonomikoan eta erakunde mailako esparruan ere. Aipatu adierazpena Patricia Abadek eta Aizaga Zeberiok, Antsoaingo eta Arbizuko Berdintasuneko zinegotziek irakurri zuten.

Adierazpenak, bestalde, toki entitateek berdintasunerako bidean eta indarkeria desagerrarazteko hartzen dituzten konpromiso sorta bat du amaieran.

Adierazpena irakurri aurretik, Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak toki entitateek arazo horren aurrean duten konpromisoa azpimarratu zuen eta entitateok egiten dituzten jarduketak zehaztu zituen; besteak beste, sentikortze kanpainak; gizartean eta entitate horietan bertan berdintasuna sustatzea; udal langileak trebatzea; indarkeria-gertakariei aurre egiteko protokoloak egitea etab. Castillok gainera, gizarteari eskatu zion, “batik bat gizonei, emakumeekin dituzten harreman-ereduei buruzko hausnarketa sakona egiteko”. Adierazi zuenez, “pertsona bakoitzak gizartean duen egoera eta beste pertsonen eskubideak sakon onartuz bakarrik jarriko ditugu berdinen arteko eta sexu batek bestearekiko duen indarkeriarik gabeko mundu baten oinarriak”.

Ekitaldiaren amaieran, NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendariak Nafarroako Gobernuaren izenean udalen kanpainari babesa erakutsi eta horrekin bat egiteaz gain, indarkeria matxista deuseztatzeko tokiko erakundeek eta mugimendu feministek egunerokoan egiten duten lana nabarmendu zuen.

Jakitera eman zuenez,  2022an NABIk biktimak artatzeko eta profesionalak gaitzeko 24 orduko krisi-zentro bat sortzeko lanetan dihardu eta zentroak Europako finantzaketa izanen du.

Adierazi zuen, halaber, NABIk toki entitateekin batera egiten duen sare-lanari balio handia ematen diola eta, laster, bi administrazioen arteko elkarlanerako organo formal bat sortuko dutela.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA (elebitan)