Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko abuztuak 5

CERMINeko eta NUKFko ordezkariek kolektibo horrekin lotutako toki politiketan aurrera egiteko modua jorratu dute

Aparkatzeko txartelak, lokalen lagatzea, irisgarritasun planak edo toki langileen prestakuntza izan ziren, besteak beste, landutako gaiak

Foto noticia

NUKFko ordezkariek eta  Nafarroako Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordeko (CERMINeko) ordezkariek toki entitateen eta erakunde horren arteko amankomuneko gai batzuk berrikusi dituzte gaur goizean eta gai horien inguruan bi erakundeen elkarlana sendotzeko erabakia hartu dute.

Bilkuran izan dira Juan Carlos Castillo eta Berta Enrique Federazioko lehendakaria eta idazkari nagusia eta CERMINeko Mari Luz Sanz, Pilar Herrero eta Mónica Iñigo lehendakaria, idazkaria eta teknikaria, hurrenez hurren.

Jorratu dituzten gaien artean, besteak beste, desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartelak erregistratzeko eta esleitzeko sistema berriaren ezarpena izan dute hizpide. Jakina denez, martxoko foru arau batek erregistro bakarreko sistema bat ezarri du, Foru Administrazioak kudeatua, eta toki entitate guztientzako txartel-eredu bakarra ere ezarri du. Hala ere, Nafarroako Gobernuak ez ditu oraindik aipatu sistema eta txartel-eredua abian jarri eta horrek zalantzak sortzen ditu udaletan eta erabiltzaileengan. Aurreikuspenen arabera, sistema uda ondoren egongo da erabilgarri. Bien bitartean, aurreko sistema eta txartelak erabiltzeko gomendioa egin diete udalei.

Bestalde, Federazioko eta CERMINeko ordezkariek adostu dute dibulgazio-jardunaldi bat egingo dutela sistema martxan dagoenean, udaletan eta onuradun izan daitezkeen artean sortzen diren zalantzak argitzeko.

Lokalak lagatzea. Halaber, CERMINeko ordezkariek NUKFko lehendakariari eskatu diote udalek, ahal izanez gero, udal lokalak erabiltzeko aukera eman dezatela CERMINek jarduerak egin eta udalerrietako bizilagunei laguntza eta aholkularitza baliabideak eskaini ahal izateko.

Irisgarritasun Plana. Era berean, CERMINeko ordezkariek udaleko zerbitzu eta espazio publikoetan irisgarritasunaren alorrean aurrera egiteko beharra nabarmendu dute eta bizilagunekin batera jarduerarik beharrezkoenak ahalik eta modu erraz eta praktikoenean identifikatzeko formulak erabiltzeko aukeraz aritu dira, batzuetan irisgarritasun-plan oso bat egin behar izatea oztopo izan zitekeelako neurririk beharrezkoenetan aurrera egiteko.

Toki langileen prestakuntza. Azkenik, CERMINek bere prestakuntza zerbitzuak eskaini dizkie toki entitateei toki langileekin desgaitasuna duten pertsonekin lotutako prestakuntza ekintzak egiteko.