Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2022ko abuztuak 2

NUKFk uda Nafarroako familiekin igaroko duten Saharako haurrei harrera egin die berriro

NUKFko lehendakariak toki entitateen babesa adierazi zion Saharar ordezkariari

Foto noticia

Nafarroan uda igaroko duten hamabost bat Saharako haur Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan izan ziren bisitan abuztuaren 2an, Nafarroako erakunde nagusiekin egindako topaketen barruan.

Haurrekin batera bertan izan ziren harrera gurasoak, Lehebib Breica eta Mohamed Gailani Saharako ordezkaria eta ordezkariordea Nafarroan, hurrenez hurren, eta ANAS elkarteko ordezkariak; azken hauek baitira Oporrak Bakean programa kudeatzen dutenak. Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariak eta Berta Enrique federazioko idazkari nagusiak egin zieten harrera.

Federazioko lehendakariak poza adierazi zuen berriro ere Saharako haurrei harrera egiteagatik, Koronabirusaren krisiaren ondorioz bi udatan zehar programa eten behar izan ondoren. Halaber, gogoan izan zuen eten horretan Federazioak programarekin zuen konpromisoari tinko eutsi ziola kanpalekuetan egiten zituzten jarduerak babestuz.

Castillok ANAS elkartearen lana ere aitortu zuen eta harrera-gurasoen lana eskertu “gure Komunitatea hobetzen laguntzen baitute”.

Azkenik, Saharar Ordezkaritzari zuzendu eta Nafarroako toki entitateen babesa adierazi zion Saharako herriari. “Legez dagozkion eskubideak eta Nazio Batuen ebazpenak betetzen ez direla ikusten denbora gehiegi eman duen herri batentzako bidezko irtenbide bat eskatu dugu eta eskatzen jarraitzen dugu Nafarroako udalek” esan zuen.

Lehebib Breica Saharako ordezkariak berriz, eskerrak eman zituen harrera egin izanagatik Marokorekin tentsioak areagotu diren honetan eta Nafarroako udalerriek bere herriarekin duten etengabeko konpromisoa aitortu zuen.