Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

2021eko urriak 26

Alderdiek adostutako erabakiak Toki Inbertsioen Planari urtean 30 milioi esleitzen dizkio

Kapital Transferentzien Funtsak zeina Toki Inbertsioen Planean zehazten baita, urtean 30 milioi izango ditu izapidetze parlamentarioan zuzenketarik ez badago. Hori da Foru Exekutiboak eta PSN, Geroa Bai, Bildu eta Izquierda-Ezkerra alderdiek adostutakoa.

Aipatu diru kopurua, urtero bermatuko da; hasiera batean behintzat. Orain arte, Nafarroako Aurrekontuek kopuru handiagoak esleitzen bazituzten ere, kopuru horiek ez ziren gauzatzen eta hurrengo urteetarako gelditzen ziren Foru Ogasunak ekarpen berririk egin gabe.

Plan berriak ordea, finantzazioaren denbora-mugarekin amaitu eta egonkortasuna ematen die udal inbertsioei 3 urtean behin lege berri bat onestearen mende egon gabe.

Hiru inbertsio-lerro

Toki Inbertsioen Planari buruzko Lege berriak plan horren kargura egiten diren obrak eta inbertsioak arautuko ditu bai eta inbertsio-programa bakoitzerako banatuko den zenbatekoa ere.

Inbertsio-lerroak bat datoz toki entitateek adierazitako beharrekin eta honakoak dira: Inbertsio-programak, Toki Programazioa eta Libreki Erabaki Beharreko funtsen Programa. Lehenengo lerroak 9 milioi euroko zuzkidura izango du, bigarrenak 12 milioikoa eta hirugarrenak, aldiz, 9 milioikoa.

Inbertsio-programak uraren goi-hornidurako eta hondakinak kudeatu eta tratatzearekin lotutako proiektuetan zentratzen dira eta Hiri Erabilerako Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailean zein Hondakinak Kudeatzeko Plan Integratuan jasota daude.

Toki Programazioko obrek, berriz, honakoak barne hartzen dituzte: hornidurako, saneamenduko eta euri-uren tokiko sareak berritzeko inbertsioak; kaleetan zoladura jartzea sareak berrituta edo berritu gabe; kaleak urbanizatzea; eta kirol-, gizarte-, aisialdi- eta administrazio-instalazioak eraikitzea eta berritzea. Mota horretako obrak toki entitateek proposatutakoen artean hautatuz eta lehenetsiz gauzatuko dira. Aipagarria da arlo horretan dauden beharren eta horiei ematen zaien zuzkidura eskasaren artean dagoen desoreka.

Azkenik, Libreki Erabaki Beharreko Funtsen Programak toki entitate bakoitzak, duen autonomiari jarraiki, erabakitzen dituen inbertsioak barne hartzen ditu.

Inbertsio-programak eta Toki Programazioa hiru urteetara begirako plangintza bati jarraiki egingo dira. Libreki Erabaki Beharreko Funtsei dagokienez, aldiz, horien zenbatekoa urtero banatuko da.

Kudeaketa arintzea

Azpimarratu behar da, inbertsioak arintasun handiagoz gauzatzeko, plan berriak arau-berritasunak jasotzen dituela, hala nola osoko bilkurak onartutako finantza-planen ordez inbertsioaren bideragarritasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena egitea, edo obrak behin betiko sartu aurretik hasteko aukera ematea. Gainera, hasierako ordainketa aurreratu eta handitu egiten da. Orain arte, toki entitateek obraren hasierako akta igorri ondoren egiten zen ordainketa. Toki Inbertsioen Plana arautuko duen foru lege berriarekin ordea, hasierako ordainketa obra behin betiko sartzen den unean egingo da, dagokion ekarpenaren %65eko zenbatekoarekin.

Arauak gainera, prozedura malgutzeko hainbat elementu ezarriko ditu Toki Inbertsioen Planaren administrazio-kudeaketa arindu eta errazteko.

Udal eta kontzejuetan antzemandako beharrak

Udal eta kontzejuetan dauden beharrak antzemateko, Lurralde Kohesioko Departamentuak, lehenik eta behin, honako deialdi hauek aztertu ditu: 10.000 biztanletik beherako udalerrientzako Libreki Erabaki Beharreko Toki Inbertsioen Plana-despopulazioaren aurkako borroka, 5 milioi euroko zuzkidura duena; udalerrien suspertze ekonomikoa eta soziala Sustatzeko Funts Berezia, 13,5 milioi euroko zuzkidura duena; eta berriki egindako 1,2 milioi euroko deialdia udaletako eta kontzejuetako zuzkidurak hobetzeko despopulazioari aurre egitearren.

Era berean, Foru Exekutiboak bi galdetegi helarazi dizkie, aurten, toki entitateei.

Lehenengoa maiatza-ekainean egin zen. 224 udalek eta 230 kontzejuk parte hartu zuten; Nafarroako udalerri guztien %74k.

Bertan jasotako erantzunen arabera, toki entitateen %82 udal-eraikinetan esku-hartzeko beharra adierazi zuten eta eskari handienak honako arloekin lotuta egin ziren, ordena honetan: kiroleko azpiegiturak (frontoia, igerilekua, kiroldegia, kirol-pista, futbol zelaia etab.), administrazio-azpiegiturak (udaletxea edo kontzeju-etxea, administrazio erabilerako lokalak) eta gizarte- eta kultur-erabilerako azpiegiturak (haurrentzako parkeak, gazteentzako zentroa, ludoteka, liburutegia, museoa, aisialdiko taberna-elkartea, aterpetxea edo giza- eta kultur-zentroak, besteak beste). Neurri txikiagoan, hezkuntza-zuzkiduretan, hilerrietan, espazio balioaniztunetan eta osasun-zentroetan eta hirugarren adinekoenetan esku-hartzeak egiteko beharra ere aipatzen da.

Lau udalerrietatik hiruk kaleren baten zoladura berritzea eskatu zuten. Eskaera gehienak zoruaren egoera txarraren, oinezkoen segurtasun-arazoen edo hornidura- eta saneamendu-hodiak berritzeko beharraren ondorio dira. Honako hauek ere aipatu dira: larrialdietako ibilgailuak iristeko zailtasuna, irisgarritasun-arazoak eskailerak edo bestelako hesiak daudelako edo egonkortasun-arazoak dituzten eustormak daudelako.

Bigarren inkesta ur-hornidurari eta saneamenduari buruzkoa izan zen. Nabarmendu behar da 2016-2020 aldian erregistratu ez den uraren ehunekoa %32,04koa izan dela, 2011-2015 aldian baino %1,82 txikiagoa, baina oraindik ere nahi baino handiagoa dela, Nafarroako eremu askotan %60tik gorako galerak izan baitira. Nafarroako beheko ur hornidurako sarea, oro har, egoera txarrean ez dagoen arren, entitateen %20k baino gehiagok 40 urtetik gorako antzinatasuna duten hodien %50 baino gehiago dute, eta toki entitateen %3,5ek fibrozementuzko hodien %50 baino gehiago dute. Sareetan hautemandako beste arazo batzuk dira gehiegizko presioa edo presio-gabezia, eta sektorizaziorik eza.