NUKFk eta Eskubide Sozialetako Departamentuak desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel-eredu bateratua adostu dute

8 iraila, 2021
By

Txartelak udalek emanen dituzte, entitate eskudunak direlako, eta Eskubide Sozialetako Departamentuak horiek egin eta baimenen erregistro bakarra sortuko du

NUKFk Eskubide Sozialetako Departamentuarekin adostu du desgaitasuna duten pertsonentzako ibilgailuak aparkatzeko txartelen ereduak bateratzea; txartel horiek, gainera, Departamentu horren mendeko erregistro bateratu batean inskribatuko dira.

Orain arte bezala, txartelak udalek emanen dituzte kasuan kasuko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, alor horretan eskumena dutenak direlako, eta dokumentu materiala aipatu departamentuak emango du.

Gai horiek arautuko dituen araudia irailaren 22ra arte jendaurrean egongo den foru agindu baten bidez onartuko da. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, Iruñeko Udaleko idazkari teknikoak eta Departamentuko langileek osatutako lantalde batek adostu ditu arauaren nondik norakoak.

Araudi berriak txartel horiek emateko baldintzak ezarri, txartelean adierazi beharreko datuak zehaztu eta baimenen erregistro bakar bat sortzen du, Eskubide Sozialetako Departamentuaren mendekoa.

Beste elementu berritzaile bat da txartelaren titulartasun-kasuak 3 urtetik beherakoei zabaltzea, baldin eta, modu jarraituan, beren bizi-funtzioetarako ezinbestekoak diren aparatu teknikoen mende badaude, hala nola gurpil-aulki berezien edo arnasgailuen mende, betiere haien mugikortasuna modu larrian mugatzen badute. Beraz, txartelaren titulartasun-kasuak zabaltzen dira.

Araudi berriak, halaber, testuak txartela lortzeko prozedura, indarraldiaren araubidea eta txartela eskatzeko ereduak zehazten ditu, behar diren zehaztapenekin.

Eskaerak, orain arte bezala, txartela edukitzeko eskubidea duen pertsona erroldatuta dagoen udalerriko udaletxean egingo dira. Aparkatzeko txartelaren eskaera onartu ondoren, udalek Eskubide Sozialetako Departamentuko datu-baseari jakinaraziko diote, aparkatzeko txartela editatu eta eman dezan, aurreikusitako formatu homogeneoarekin.

Era berean, udalen ardura izango da desgaitasunagatik mugikortasun-arazo larriak dituzten pertsonen ibilgailuak aparkatzea errazteko neurriak hartzea, arlo horretan eskumena baitute.

Foru agindu berriak indarra hartu aurretik ibilgailuak aparkatzeko emandako txartelek indarrean jarraituko dute urtebetez, txartel berriak indarra hartzen duenetik zenbatzen hasita. Epe horretan, txartel berria eskatu beharko zaio dagokion udalari.

Aparkatzeko txartela edukitzeko eskubidea nork duen

Foru agindu berriak 3 urtetik beherakoentzat dakarren berritasunaz gain, txartela eskuratzeko eskubidea dute honako kasu hauetakoren batean dauden pertsonek: Desgaitasuna duen pertsonaren izaera ofizialki aitortuta dutenak eta, gainera, mugikortasun murriztua dutenak, hau da, gurpil-aulkia, ibiltzeko bi bastoi erabili behar dituztenak; kontrolatzeko zailak diren jokabide oldarkorrak edo gogaikarriak dituztenak, garraiobide normalizatuak erabiltzea zailtzen duten urritasun psikikoak dituztelako; eta mugikortasun-mugak dituztenak eta mugikortasun murriztuko baremoan gutxienez 7 punturekin baloratzen direnak.

Halaber, begirik onenean 0,1 edo gutxiagoko ikusmen-zorroztasuna zuzentasunez erakusten duten pertsonak eska ditzakete, edo 10 gradu edo gutxiagoko ikus-eremua dutenak, desgaitasunaren balorazioaren arloan eskumena duen unitateak irizpena emanda.

Era berean, desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiboan aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna artatzeko gizarte-zerbitzuak ematen dituztenak ere txartela eskatu ahalko dute.

Aldi baterako aparkatzeko txartelaren modalitatea ere badago, sei hilabeteko balioarekin, eta aldi bera luzatu ahal izango da; salbuespen gisa emango da, arrazoi humanitarioen arabera. Kasuen artean sartzen dira mugikortasun murriztua duten pertsonak, nahiz eta mugigarritasun horri buruzko irizpen ofizialik ez izan, bizi-itxaropena nabarmen murriztea dakarren gaixotasun edo patologia oso larri baten ondorioz, eta, arrazoiz, aparkatzeko txartelaren ohiko eskaera garaiz izapidetzeko aukerarik ematen ez dutenak.

10.000 txartela baino gehiago

Erregistro bakarra ezartzen duen araudi berria aplikatuta, zehatz-mehatz jakin ahal izango da Nafarroan zenbat pertsonek duten erreserbatutako plazak erabiltzeko eskubidea; izan ere, udal-eskumena denez, orain arte datuak Erkidegoko udal guztietan sakabanaturik zeuden.

Hala ere, Eskubide Sozialetako Departamentuaren kalkuluen arabera, aparkatzeko txartela izateko eskubidea duten 10.000 pertsona baino gehiago daude Nafarroan.

Erregulazioaren aldaketak zenbait erakunderen eskaerari erantzuten diote, horien artean “Okupas Motorizados” eta CERMIN, baimenak erabiltzean iruzurraren eta abusuaren aurkako neurriak eskatzen zituztenak.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA