NUKFk Merkataritza Ganberarekin protokolo bat sinatu du tokiko ekonomiak sustatzeko

29 martxoa, 2021
By

Iruña, 2021eko martxoaren 29a. Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakariak eta Javier Taberna Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialaren lehendakariak elkarlanerako protokolo bat sinatu dute gaur goizean toki entitateen artean Merkataritza Ganberaren zerbitzuak ezagutarazteko eta topaketa birtualak eta aurrez aurrekoak sustatzeko, Foru Komunitateko enpresen eta bertako herritarren mesedetan.

Protokoloaren helburuen artean, besteak beste, enplegua sortzen laguntzea eta ekonomiaren eta enpresen susperraldia sustatzea dago, digitalizazioaren, ekonomia berdearen, nazioartekotzearen, enpleguaren hobekuntzaren eta ekintzailetzaren arloetan proiektuak eta zerbitzuak eskainiz.

Hala, Merkataritza Ganberak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, toki entitateei enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako aholkularitza zerbitzuak hurbilduko dizkie. Besteak beste, Azelerazio Digitaleko Bulegoaren (Acelerapyme) eta Enpresa Leihatila Bakarraren zerbitzuak eta edukiak ezagutaraziko ditu, 2030 Agendaren elektrifikazio, digitalizazio eta deskarbonizaziorako funtsak lortzeko proiektu berritzaileetarako. Gainera, lan-orientazioko zerbitzuak eskainiko dizkie egoera ahulean dauden kolektiboei, hala nola 45 urtetik gorakoei edo 30 urtetik beherakoei, eta lanbide-heziketa dualari eta Ganberak tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko egindako eskaintzari buruzko informazioa emango du.

Protokoloa gauzatzeko, NUKFk teknikari bat izendatu du eta horri igorriko dizkio Merkataritza Ganberak proposamenak eta informazioa toki entitateen artean zabaltzeko. Halaber, teknikari horrek NUKFren kideen eta Ganberaren arteko topaketak dinamizatuko ditu proiektuak egiteko eta Ganberari sor litezkeen zalantzak helaraziko dizkio.

Protokoloa sinatzeko ekitaldian, Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakariak gogoratu du federazioak, dagoeneko, Covid-19aren pandemiaren testuinguruan dokumentu bat egin zuela Nafarroako toki entitateen proposamenak biltzen zituena ekonomia eta gizartea suspertzeko; eta horri jarraiki, zehazki, sinatu dela hitzarmena Ganberarekin. Gogoan izan du halaber, toki entitateek Next Generation Europako Berreskuratze Planean parte-hartzeko proposamenak jasotzen dituen beste dokumentu bat ere egin zuela federazioak.

Bi dokumentuok Nafarroako gizartea eta ekonomia garatzeko toki entitateek duten garrantzia islatzen dute; toki entitateak gaur egun bereziki konprometituta baitaude garapen horrekin.

Javier Taberna Ganberaren lehendakariak adierazi duenez, “Hitzarmen hau beste jarduketa bat da, Covid-19ren testuinguruan enpresek dituzten premiei erantzuteko, eta haietara hurbiltzea dakar, suspertze-prozesuan ez ezik, etorkizunari aurre egin ahal izateko eraldaketa-prozesuan ere lagundu ahal izateko”. “Toki entitateak funtsezkoak izango dira beren udalerrirako eta eskualderako proiektu berritzaileak sortuko dituzten proposamen berriak abiarazteko, tokiko bizitza ekonomikoa modu naturalean zuzentzen dutelako; eta Merkataritza Ganberatik lagundu eta aholkuak emango dizkiegu. Duela gutxi, Nafarroako Erriberako zenbait udalekin hitzarmenak sinatu ditugu eta NUKFren laguntzarekin udalerri gehiagotara iritsi ahalko gara eta, ondorioz, enpresa gehiagotara”, esan du Merkataritza Ganberako lehendakariak.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA