Nafarroako toki entitateek Next Generation Planean zer nolako parte-hartzea izanen duten jakin nahi dute

10 otsaila, 2021
By

Departamentu guztiekin bilkurak eskatu dizkiote Foru Gobernuari finantzatu litezkeen proiektuak eta horiek aurkezteko bideak zehazteko.

NUKFren Batzorde Betearazleak agerian utzi zuen informazio falta dagoela toki entitateek Planean izanen duten parte-hartzearen inguruan.

 Next Generation Planak finantza ditzakeen 43 jarduketa-lerro jasotzen dituen agiria helaraziko dio NUKFk Nafarroako Gobernuari eta, horrekin batera, lerro horiek zehazteko eta toki entitateei aholkularitza emateko proposamena ere igorriko dio.

 

Iruñean, 2021eko otsailaren 10ean. Nafarroako toki entitateek oraindik ez dakite nola eta zer kopururekin parte hartuko duten Next Generation Europako Berreskuratze Planaren funtsetan. Planak 140.000 milioi euroko zuzkidura du estatu osorako. Hori dela eta, joan den otsailaren 9an Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) agiri bat onetsi zuen aho batez, Planaren irizpideekin (gizartearen suspertzea; digitalizazioa eta modernizazioa; eta Itun Berdea) bat datozen 43 jarduketa-lerro jasoz bertan.

Agiriak, halaber, zenbait proposamen jasotzen ditu proiektuak edo horiek egiteko bideak Nafarroako Gobernuko departamentuekin zehazteko eta gaiaren inguruan aholkularitza emateko eta proiektuak jasotzeko leihatila bat sortzeko.

Gogoan izan beharra dago Europako Berreskuratze Plan horren funtsen %70  konprometituta egon beharko dela 2021etik eta 2022ra bitartean.

43 jarduketa-lerro

Adierazi denez, Batzorde Betearazleak onetsitako agiriak toki administrazioaren esparruko 43 jarduketa-lerro jasotzen ditu honako arlo hauetan bildurik: Toki administrazioa eta bere funtzionamendua modernizatzea; toki administrazioaren eraikinak, instalazioak eta ekipoak modernizazioaren eta karbono neutraltasunaren helburuetara egokitzea; hiri-hondakin solidoen kudeaketa hobetzea; uraren ziklo integrala hobetzea; argiteria publikoaren eraginkortasun energetikoa; mugikortasun jasangarria; gizarte zerbitzuak modernizatzea eta behar berrietara egokitzea; hiri- eta etxebizitza-ereduak hobetzea; ikastetxe publikoak zaharberritzea eta modernizatzea; osasun zentroak zaharberritzea eta modernizatzea; tokiko merkataritza sustatzea eta sendotzea; tokiko ekonomia sustatzea; eten digitala desagerrarazteko zerbitzuak eta guneak abiatzea; bioaniztasuna, turismoa eta nekazaritza jasangarria kudeatzea.

Proposamenak

Azkenik, agiriak adierazten duenez, zehaztugabetasun honen aurrean, eta Europako aipatu funts horiek eskuratzeko epeak murrizten ari direla kontuan hartuta, NUKFek honako hau erabaki du:

  1. Aurreko ataletan adierazitako jarduketa esparruak eta prozedurak onestea Nafarroako toki entitateek Europako Next Generation Funtsetan parte har dezaten.
  2. Nafarroako Gobernuari eskatzea toki entitateek Europako funtsetan zein bideetatik parte har dezaketen zehaz dezan, aurretik aipatutako jarduketa ildoak eta prozedurak kontuan harturik.
  3. Nafarroako Gobernuari eskatzea ahalik eta lasterren abian jar dezala zerbitzu egonkor, anbizio handiko eta eraginkor bat, toki entitateei Europako funts eta programen arloan aholkuak emateko eta haiei proiektuak aurkeztu eta kudeatzen laguntzeko.
  4. Nafarroako Gobernuari eskatzea Next Generation funtsetan ezarritako parametroen barruan sar daitezkeen proiektuak garatzeko irizpide argiak Nafarroako toki entitateei helaraz diezazkiela, toki entitateak eskura ditzaketen proiektuen tipologia azaltzen duen dokumentu bat eginez.
  5. Nafarroako Gobernuari eskatzea “leihatila bakarra” gaitu dezala, Nafarroako toki entitateek beren proiektuak bideratu eta aurkeztu ahal izan ditzaten.

Toki entitateek Europako Next Generation Funtsetan parte hartzeko proposamena

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA