Indarrean da Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen aldaketa; zenbait zerga-aldaketa ezartzen ditu eta aurrekontuen kudeaketa arintzen.

5 urtarrila, 2021
By

Joan den abenduan Parlamentuak Nafarroako Toki Ogasunen Foru Legea aldatzen duen Foru Legea onetsi zuen. Lege aldaketa horrek zenbait toki zergetan aldaketa garrantzitsuak eta aurrekontuen kudeaketa arintzeko neurriak dakartza.  Legeak toki entitateen ordezkaritzaren oniritzia jaso zuen Toki Araubideko Foru Batzordean. Honakoak dira aldaketa horrek dakartzan berritasun batzuk:

Zorpetze-mugapenak eta zuhurtasun finantzarioaren printzipioa. Epe luzerako zorpetze-baldintzak arautzeko eta estatukoaren antzeko baldintzekin baimentzeko foru araudia onetsi da.

 

Zergen alorreko aldaketak

Hobariak kontribuzioari dagokionean. Toki entitateek kontribuzioan hobariak ezarri ahalko dituzte bi kasutan:

  • %90erainoko hobaria lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) baino lau bider errenta txikiagoa duten familia ugarientzat edo guraso bakarrekoentzat edota kotizazio gabeko pentsioak, bermatutako errenta edo gutxieneko bizitzeko diru-sarrera duten familientzat.
  • %50erainoko hobaria eguzki-energiaren edo bestelako energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendu termikoa edo elektrikoa duten higiezinen kasuan.

Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren salbuespena. Zerga horretatik salbuetsita egonen dira 1.000.000 euro baino gutxiago fakturatzen duten zergadunak. Udalek zerga horri dagokionean jasoko ez duten kopurua Nafarroako Gobernutik jasoko dute (%100 jasoko dute 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriek eta %95 hori baino biztanle kopuru handiagoa dutenek).

Zirkulazioaren gaineko zerga. Salbuetsita egonen dira ezgaitasuna duten pertsonen ibilgailuak edozein dela ere horien potentzia (orain arte 12 zaldi fiskal baino gutxiagoko ibilgailuak soilik zeuden salbuetsita). Kuotak ere eguneratu dira.

Hobariak EIOZen (Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zergan).  Udalek zergaren kuotaren %95erainoko hobaria ezarri ahalko dute, eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obren alde.

Gainbaliorako urteen zenbaketa. Legeak zehazten duenez, gainbalioaren zergatik salbuetsita dauden kasu batzuetan etorkizunean egin ahalko diren eskualdaketetarako urteak kalkulatzeko, salbuetsita dagoen eskualdaketaren data ez da hasiera-data gisa zenbatuko. Horretaz gain, koefizienteak eguneratzen ditu legeak.

Bingoen luxuzko gastuen gaineko zerga kentzen da. Hala ere, ehiza barrutiak edota apustuak bezalako beste jarduera batzuetan zerga mantendu egiten da.

 

Aurrekontuen kudeaketa arloko aldaketak

Gastu espedienteen tramitazioari hasiera ematea kasuko aurrekontu kreditua izan aurretik. Horretarako, ezinbestekoa izanen da kontu-hartzailetzaren txosten bat, zeinean berariaz jasoko baita gastua garaiz aurrekoa dela eta lotuta dagoela kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintza etengarriari.

Aurreikusten diren diru-sarrerekin aparteko kredituak edo kreditu-gehigarriak emateko aukera, aurrekontuaren likidazioaren onespenaren zain egon gabe.

Aurrekontu aldaketak indarrean jarriko dira jendaurrean jartzeko epea alegaziorik egon gabe amaitu ondoren. Horretarako, ezinbestekoa da aurrekontuaren exekuzio oinarrietan hala adieraztea.

Kredituen transferentziak hondamendi publikoaren kasuetan. Transferentzia horiek betearazleak izanen dira berehala, ezertan galarazi gabe haien kontra erreklamazioak aurkezteko aukera.

Diru-sarrera atxikiekin finantzatutako proiektuak babesten dituzten kreditu gerakinak. Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa onetsi arte iragaten den denbora epean sartzen ahalko dira.

Aurrekontuen likidazioa eta kontuak onesteko epeak. Hilabete atzeratzen dira: martxoaren 31ra arte aurrekontuen likidazioa eta apirilaren 30era arte kontuak.

Barne kontrola. Udalerri guztiek barne kontrol erraztuko araubide bat ezarriko dute; lehen, 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan soilik aplikatzen zen. Foru Gobernuak arautu beharko du hori.

Aurrekontuen egonkortasunari buruzko helburuak. Legeak berariazko foru araudia ezartzen du arlo horretan.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA