Berrehun toki entitate inguruk bat egin dute “Udalak genero indarkeriaren aurka” lelopean kaleratutako kanpainarekin, azaroaren 25eko nazioarteko egunaren karietara

18 azaroa, 2020
By

Iruñean, 2020ko azaroaren 18an. Aurten, 170 toki entitate dira emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal kanpainarekin bat egin dutenak. Gaur goizean, Sabina García Izarbeibarko Mankomunitateko lehendakariak eta Esther Lacasta Basaburuako alkateak udalek onetsitako adierazpena irakurri dute. Gaurko ekitaldi horrek, azaroaren 25aren, emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren, inguruan udalerri bakoitzean eginen diren jarduerei hasiera eman dio.

Berriozarko Udalean egindako ekitaldi horretan, beste urtetan ez bezala, ohi baino toki ordezkari gutxiago bertaratu da osasun egoera dela medio. Prentsaurrekoaren  buru izan da Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lehendakaria.

Castillok bere hasierako hitzetan adierazi duenez, toki entitateek hainbat jarduera bertan behera utzi beharra izan dute koronabirusaren izurriagatik baina gaurko ekitaldia egiteari eutsi nahi izan diote. “Gauza asko bertan behera utzi beharra izan dugu –esan du- baina ez genuen huts egin nahi indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek deitutako hitzordu honetara”.

Federazioaren lehendakariak nabarmendu duenez, alkateek eta zinegotziek argi dute berdintasunaren aldeko lanaren buru izan behar dutela eta “emakume bakar batek ere eraso fisikorik, hitzezkorik edo psikologikorik jasango ez dituen garai baterantz gidatu behar dituztela herritarrak”. Horretaz gain, adierazi du berdintasun politikak pixkanaka egonkortzen ari direla toki entitateetan. Hori lortzeko udalek egiten dituzten jarduketak eta eskura jartzen dituzten zerbitzuak eta baliabideak hizpide izan ditu; hala nola, langileentzako trebakuntza ekintzak, polizia baliabideak, berdintasun zerbitzuak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, jarduketa protokoloak etab.

Castilloren ostean, Basaburuako alkateak eta Izarbeibarko Mankomunitateko lehendakariak udalek aurten onetsitako adierazpena irakurri dute gaztelaniaz eta euskaraz.

Azkenik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NABIko) zuzendari Eva Isturizek hiru arau-testu aipatu nahi izan ditu genero indarkeriaren kontrako ekintza publikoan nagusi direnak: 2015eko Genero Indarkeriaren aurkako Foru Legea; 2019ko Berdintasuneko Foru Legea, besteak beste, Foru Administrazioaren eta Toki Administrazioaren arteko koordinazio organo bateratu bat sustatzen duena; eta arlo bera jorratzen duen estatu mailako dekretua, indarkeria matxistaren aurkako toki ekintzak finantzatzen laguntzen duena.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA