Nafarroako Gobernuak Bizigarritasunari buruzko Dekretua aldatzeko prozesuari hasiera eman dio

29 uztaila, 2020
By

Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Bizigarritasunari buruzko Foru Dekretua aldatzeko zirriborroa prestatu du, birgaitze-proiektuen bidez etxebizitza sustatzen laguntzeko. Sektoreko profesionalek eta gizarte-eragileek abuztuaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dituzte ekarpenak, Gobernu Irekiaren web orriaren bidez.

Nafarroako etxebizitzen bizigarritasun baldintza minimoak arautzen zituen aurreko dekretua duela 16 urte onetsi zen. Hortaz, Etxebizitzaren Zuzendaritza Nagusiak beharrezkoa ikusi du “dekretua egokitu beharra errealitate sozial berriekin edo etxebizitzaren alorrean sortuz joan diren hiriko jasangarritasunaren printzipioekin lotutako erronka berriekin bat egiteko. Jasangarritasunaren printzipio berri horiei erantzuteko eta horiei egokitzeko araudian aldaketak egin beharra zegoen azken hamarkadan hainbat sektoretatik aldarrikatu den moduan”.

Azken urteotan, NUKFk ere alor horretarako araudi malguagoa eta etxebizitzen erabilera sustatuko duena eskatu du hainbatetan.

Eztabaida irekia

Dekretuaren zirriborroa aurkeztuta, herritarren, toki entitateen, gizarte taldeen eta eragile profesionalen partaidetza prozesuari hasiera eman diote.

Horri buruzko informazioa, dekretua bera eta eranskinak Gobernu Irekiaren web orrian kontsulta daitezke. Hala nahi duenak ekarpenak aurkez ditzake datorren abuztuaren 31ra arte.

Eduki berriak

Zirriborroak honako helburuak ditu: birgaitzea sustatzea (eraikin zaharretan bai hirian bai eta landa eremuan; eraikin guztien eskuragarritasunerako bidean urratsak ematea; eraginkortasun energetikoan aurrera egitea; eta espazioen erabilerari eta mugikortasunari malgutasuna ematea.

Testuak, gainera, administrazio-gaiekin eta etxebizitzen bizigarritasun-zedularen erregulazioarekin lotutako izapideak ebazteko neurriak jasotzen ditu, dokumentazioa sinplifikatzen du eta kudeaketa telematikoaren aukera hobetzen du. Horretaz gain, bi eranskin ditu, dauden etxebizitzen baldintzei eta etxebizitzetako gutxieneko bizigarritasun-baldintzei buruzkoak.

Bizigarritasunari buruzko dekretu berriaren zirriborroak planteatzen dituen alderdi nagusietan, besteak beste, honakoak sartzen dira: etxebizitza txikiagoak eta gizarte-eskaera berrira egokituak lortzeko higiezin zabaletan espazioak banatzea, hiri- edo landa-ingurunearen ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta birgaitzea, eta energia-eraginkortasuneko eta irisgarritasuneko neurriak aplikatzea. Hori guztia, dekretuaren arabera, Nafarroan etxebizitzak “kalitatezko estandar handiak eta zorrotzak edukitzen jarrai dezan”.

Era berean, Gobernuak araudian egiten dituen proposamenen artean bizigarritasunaren bestelako faktoreak gehitzen ditu orain arte kontuan hartzen ez zirenak; besteak beste, erabilera anitzetara egokitutako etxebizitza malguagoak edukitzeko beharra; bizikletentzako gelak egiteko aukera (hiriko mugikortasun berriarekin bat); genero ikuspegia komuneko gune seguruak diseinatzerakoan; edo etxebizitza eta bertako espazioak egoera zehatzetara edo eskaera berrietara (covid 19aren pandemiatik eratorritakoak adibidez) egokitzeko beharra; eta telelanaren edo familia kontziliazioa kontuan hartzen ditu.

Ikuspegi teknikoago batetik helduta, zirriborroak hainbat eguneratze jasotzen ditu, dekretua estatu mailako Eraikuntzaren Kode Teknikora egokitzeko edo bizigarritasun- baldintzen eta hirigintza-planeamenduko arauen artean antzeman diren balizko talkei irtenbidea emateko.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA