NUKFk Osasun Departamentuak eta Goizargi doluaren elkarteak udal eta kontzejuei gonbidapena luzatu diete alarma egoera bitartean hildakoei agur esateko ekitaldiak antola ditzaten

23 ekaina, 2020
By

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.  Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuarekin eta Goizargi doluaren elkartearekin batera, gutun bat helarazi die Nafarroako udal eta kontzejuei gonbidapena luzatuz alarma egoeran hildakoei agur egiteko ekitaldiren bat antola dezaten. Ekimena hilabeteotan halako agurrik antolatu ezin izan delako sortu da. Modu horretan,  norbait galdu duten familiei elkartasuna adierazteko aukera eman nahi zaie lagun eta tokiko komunitateei.

Hori dela eta, Nafarroan Deseskalatzea kudeatzeko Batzordeak ekimena bultzatzeko lantalde bat sortzea erabaki zuen.

NUKFk igorritako gutunarekin batera, prentsaurrekoa egin dute gaur goizean horren berri emateko Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak, Juan Carlos Castillo Federazioren lehendakariak eta Raquel Matero Goizargi elkartearen ordezkariak.

Artundok gogorarazi du herritarrek mota horretako agurrak egiteke dituztela eta alarma egoera amaituta, garaia dela horiek egiteko.

Federazioaren lehendakariak berriz, halako ekitaldiak udalerri bakoitzak erabakitzen duen moduan eta garaian antolatzeko proposatu die udalei.

“Izan ere – lehendakariak adierazi duenez- herri bakoitzak adierazteko modu eta izaera ezberdinak baititu”. Haren hitzetan “ekitaldia egiteko aukera ugari dago: ekitaldi erlijiosoa izan daiteke, zuhaitz landaketa egin daiteke oroimenerako, omenaldi zibila… herriko musika bandak dolurako musika jo dezake denentzat… norbaitek bertsoren bat irakur dezake… edota gizakiak epidemien aurrean izandako jarrera eta epidemiak jorratzen dituzten obren inguruan hausnar daiteke… Plakak jar ditzakegu, kaleei izenak jarri edo udaletako web orrietan atal bereziak sortu…”

Lehendakariak zehaztu duenez, “udalerri bakoitzak ekitaldi hori egiteko momentua aukeratzea proposatzen dugu, bakoitzak horretarako egunik aproposena zein den dakielako herriko egutegiaren eta gaixotasunak utzi digun egutegiaren arabera”.

Azkenik, Goizargi elkartearen ordezkariak gehitu du “asko kostatzen zaigula atsekabea adieraztea” eta oso baikortzat jo du Nafarroako Gobernuaren, NUKFren eta elkartearen elkarlana doluaren inguruko ekitaldiak bultzatzeko.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA