Nafarroak ekintzailetzako eta gizarte-berrikuntzako hiru ekosistema jarriko ditu abian Zangozan, Allon eta Faltzesen, despopulazioari aurre egiteko

22 ekaina, 2020
By

Iruñean, 2020ko ekainaren 22an. Nafarroako Gobernuak, “la Caixa” Fundazioak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Soriako El Huecok ekintzailetzako eta gizarte-berrikuntzako hiru ekosistema jarriko dituzte abian uztailean Zangozan, Allon eta Faltzesen, despopulazioari aurre egiteko.

Helburua aukera berriak sustatzea da landa eremuak COVID-19aren krisitik ateratzeko giltzarri bihurtzeko. Horretarako, herritarrek, eta bereziki gazteenek bultzatutako negozio berritzaile, sozial eta bideragarrien ereduak sustatuko dira. Era berean, negozio horien bidez demografiari dagokionez atzeraldi nabarmena jasaten ari diren udalerrietan herritarrak finkatzea bilatzen da.

Gaur goizean Jesús Mª Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak COMUNAL programa aurkeztu du, hala izendatu baitute ekimena. Berarekin izan dira Isabel Moreno Caixabankeko Ebroko lurralde zuzendaria eta Javier Miranda Caja Navarra Fundazioko lehendakaria.

Horietaz gain honakoak izan dira aurkezpenean: Luis Campos, Nafarroako Errealitate Sozialeko Behatokiaren zuzendaria, Ana Gómez “El Hueco” coworking kooperatibaren ordezkaria eta ekintzailetzako eta gizarte-berrikuntzako “komunitate” horiek ezarriko dituzten udalerrietako zenbait alkate. Hain zuzen ere, honako herrietako ordezkariak hurbildu dira: Zangoza, Allo, Falces, Arróniz, Barbarin, Dicastillo, Igúzquiza, Luquin, Sesma, Villamayor de Monjardín, Lumbier, Cáseda, Liédena eta Zangozako Zerbitzuen Mankomunitatea.

COMUNAL ekimenak coworking-erako gune kolaboratiboen sorrera sustatu nahi du, ekintzailetzako proiektuak sortzeko tutoretzapeko prozesu bat bultzatu eta gizarte enpresa berrien sorrera eta horien jardunaren ebaluazioa sustatu.  “La Caixa” eta “Caja Navarra” fundazioek 110.00 euro bideratuko dituzte proiektu honetarako datozen 2 urteotan zehar.

Azpimarratzekoa da gizarte-berrikuntzako proiektu hau “Nafarroa Suspertu” planaren barruan abiatzen den lehenengoa dela. Datozen hilabeteotan, beste ekimen batzuk abiatzea aurreikusita dago, besteak beste, Uber-Rural plataformaren sorrera, belaunaldien arteko coliving eta cohousing ekimenak edota inpaktu sozialeko bonuen sistema sustatzea.

COMUNAL ekimena abiatzeko Nafarroako ezaugarri ezberdinak dituzten hiru eremu hautatu dituzte udalerri zehatz batetik hasi eta hainbat herri dituzten guneak barne hartuz. Eremu horiek denak etengabeko demografia galera pairatzen ari dira. Gainera, eremu horietan tokiko erakundeen benetako konpromisoa egiaztatu da, bai eta gutxieneko egitura duen eta proiektuen euskarri soziala izateko gai den gizarte-sarea ere.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA