Foru Gobernuak, Gobernuko Delegaritzak eta tokiko entitateek Nafarroa Suspertzeko Planari begirako estrategiak koordinatu dituzte

18 maiatza, 2020
By

Nafarroako Gobernuko, Gobernuko Delegaritzako eta herri zein kontzejuetako ordezkariek bilera izan dute gaur bakoitzak bere esparrutik dagozkion estrategiak eta proposamenak ezagutzera eman eta, guztien artean, Nafarroaren susperraldian erantzun koordinatua emateko, COVID-19ak eragindako osasun, ekonomia eta gizarte krisiaren aurrean.

Horrela, Nafarroako Lehendakari Maria Chiviteren iritziz, egungo egoera gogorra izan arren, Foru Komunitateak itxaropenez ikusi behar du etorkizuna, industria, berrikuntza eta iraunkortasunaren arloko adierazle onei, osasunaren sendotasunari eta gizarte zibilaren konpromiso eta elkartasunari esker.

Hiru administrazioek egindako bilera Nafarroa Suspertu 2020-23 Plana diseinatzeko prozesu parte-hartzaileko kontaktuen eta topaketen barnean kokatzen da.

Nafarroak 547,6 milioi jaso ditu funts eta abaletan

Bestalde, Nafarroa krisia hasi zenetik Gobernu zentraletik jasotzen ari den funtsen berri eman du Nafarroako Gobernuaren ordezkari Jose Luis Arastik: 54,7 milioi jaso zituen apirilean 58.981 langileren ERTEak finantzatzeko, 9 milioi euro 13.542 autonomorentzat jarduera uzteagatik; 4,5 milioi pandemiaren inpaktua gutxiagotzeko eta 453,1 milioi ICO abaletan 4.934 enpresarentzat. Horrez gain, Nafarroak 26,3 milioi euro jasoko ditu FEDER Funtsetatik osasun-arloko gastuetarako.

Arasti gustura agertu da hiru administrazioak (estatukoa, forukoa eta tokikoa) etengabe harremanetan daudelako krisiari aurre egiteko, eta baita ere Udalen “funtsezko papera” nabarmendu du, bereziki deseskalatzearen fase honetan. “Ez dezagun konfiantza eduki, ez helarazi normaltasunaren sentsazio faltsurik, zuhurrak izaten jarraitu behar baitugu, berriz berragertzeko arriskua badago-eta”, azpimarratu du.

Bestalde, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Juan Carlos Castillok ere etapa berri hauetan zuhurtasuna izatea eskatu du; izan ere, “ez da lasterketa bat, ea ateak nork irekitzen dituen lehenago”. Horrez gain, Udalen esku dagoen soberakina toki-eremua suspertzeko erabili ahal izatea eskatu du. Proposaturiko zenbait jarduera autonomo eta enpresentzako laguntzak dira, oinarrizko gizarte-zerbitzuak indartzea, adinekoen egoitzei arreta berezia ematea eta osasun-arreta indartzea, e.a.

Bileran izandakoak

Bilera gaur goizean egin dute Iruñako Baluarte Batzar Jauregi eta Auditorioko Ziudadela Aretoan, Maria Chivite Lehendakaria buru zutela. Foru Gobernuaren aldetik, harekin batera izan dira honako hauek: lehen lehendakariordea eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez; bigarren lehendakariordea eta Lurraldearen Antolamendu, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi; Lurralde Kohesioko kontseilaria, Bernardo Ciriza; Osasun Departamentuko kontseilaria, Santos Induráin; eta Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez.

Toki-erakundeei dagokienez, NUKFko lehendakariaz gain, bilerara gonbidatuta zeuden Eskualdeetako eta Azpieskualdeetako goiburuetako alkateak.  Hain zuzen ere, honako lehen zinegotzi hauek bildu dira: Iruñekoa, Enrique Maya; Tuterakoa, Alejandro Toquero; Lizarrakoa, Koldo Leoz; Zangozakoa, Lucia Echegoyen; Tafallakoa, Jesús Arrizubieta; Altsasukoa, Javier Ollo; Baztangoa, Joseba Otondo; San Adriangoa, Emilio Cigudosa; Leitzakoa, Mikel Zabaleta; Gareskoa, Oihan Mendo; Esteribarkoa, Matilde Añón; Agoitzekoa, Ángel Unzué; eta Errokoa, Enrique Garralda.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA