NUKFren lehendakariak COVID-19aren kontrako neurrietan Administrazioen arteko adostasuna azpimarratu eta zuhurtzia eskatu du har daitezkeen neurri ekonomikoetan

24 martxoa, 2020
By

 NUKFren lehendakari Juan Carlos Castillok gaur goizean azpimarratu du Administrazioaren maila ezberdinen (administrazio zentralaren, forukoaren eta tokikoaren) arteko adostasuna Koronabirusaren kontra borrokatzeko. Halaber, toki entitateei dei egin die beste mailetako administrazioen gomendioak eta jarraibideak kontuan hartzen jarraitzeko.

NUKFren lehendakari Juan Carlos Castillok gaur goizean nabarmendu du Administrazioaren maila ezberdinen (administrazio zentralaren, forukoaren eta tokikoaren) arteko adostasuna Koronabirusaren kontra borrokatzeko. Halaber, toki entitateei dei egin die beste mailetako administrazioen gomendioak eta jarraibideak kontuan hartzen jarraitzeko. Hala adierazi du toki entitateen lanarekin lotutako zenbait gai azaltzeko Toki Administrazioaren zuzendari nagusiarekin batera egindako prentsaurrekoan.

“Toki entitate guztiei eta gizarteari lasaitasunerako deia egin nahi diet – esan du Castillok-. Egoera honetan ordu batetik bestera egoera aldatu egiten da, arau berriak argitaratu edo jarraibide berriak ezartzen dira. Horietako asko, agerikoa denez, gure Toki Administrazioaren jarduna ukitzen dute. Gainera, udalek, askotan, zenbait ekimen abiatzen dituzte haien udalerrietan sortzen zaizkien hainbat eta hainbat ziori irtenbidea emateko”.

Castillok gehitu duenez, “egoerari dagokionez, hiru administrazioen, administrazio zentralaren, forukoaren eta tokikoaren, arteko koordinazioa azpimarratu nahiko genuke. Horren adibide dira elkarrekin adostutako protokoloak eta ezarri ditugun ekintzarako jarraibideak. Administrazio arteko koordinazioa arrakastatsua izan da; neurriak hartu ditugu ikastetxeetan, kultura zentroetan zein kirol guneetan baita kaleko garbiketari dagokionez edo herritarrei arreta emateko. Halaber, gure adinekoei arreta emateko neurriak hartu ditugu eta joan-etorriak mugatu ditugu”.

Adierazi duenez, “zentzu horretan ona da toki entitateek kontuan izatea estatutik eta Foru Administraziotik datozkigun arauak, gomendioak eta jarraibideak. Garrantzitsua da horiei men egitea bi administrazio horiek adituak dituztelako egoera ongi aztertzeko eta tokian tokiko irtenbide hoberenak proposatzeko”.

 

Zuhurtzia neurri ekonomikoetan

Bestalde, NUKFren lehendakariak zuhurtzia eskatu du toki entitateetan izaera ekonomikoa duten edo zergekin lotutako neurriak hartzeko garaian. “Orain, larrialdi sozial eta ekonomiko betean gaude –esan du-, denok dugu tentazioa gure ehun ekonomikoaren biziraupena erraztuko luketen erabakiak hartzeko, gure herritarren arazoen konponbide izango liratekeenak. Neurri horiek, maiz, zergen edo dirulaguntzen bidez hartzen dira. Baina mota horretako erabakiak burua hotz dugunean hartu behar dira eta bi alderdi hausnartu ondoren: batetik, erabakiak hartzeko dugun gaitasun legala; izan ere hartu nahiko genituzkeen neurri batzuk lege baten beharra dute. Bestetik, egoera ikuspuntu arrazional batetik aztertu beharra dago krisia aurrera doan heinean”.

Castillok zehaztu duenez, “baliabideak ditugu eta gure herritarren, enpresen eta autonomoen eskura jarriko ditugu. Udalok gure esku dagoen guztia egingo dugu. Baina denei dei egiten diet datozen asteotan gure ekintzak koordina ditzagun”.

Castillok gogorarazi du NUKFk arretaz jarraitzen dituela estatuak onesten dituen neurriak, batetik, larrialdi egoerari aurre egiteko toki entitateei baliabideak ematen dietenak baita aurrekontuen egonkortasunari buruzko araudiaren malgutzeari ere. Malgutze horri esker, besteak beste, 2019ko eta 2020ko superabita ezohiko gastu sozialean inbertitu ahalko da.

Azkenik, lehendakariak toki, entitateen langileen lana nabarmendu nahi izan du, eta bereziki, gizarte zerbitzuen lana, oso baldintza  zailetan gizartearen funtzionamendua eusten laguntzen ari baitira.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA