Hogei udal inguru ari dira Integrazioaren aldeko Europako Sarera atxikitzeko izapideak egiten

13 otsaila, 2020
By

Nafarroako hogei bat udal ari dira Integrazioaren aldeko Eskualdeen eta Hirien Europako Sarera batzeko izapideak egiten. Sarea Europar Batasuneko organo aholku-emailea den Eskualdeen Europako Komitearen ekimena da eta Nafarroako Foru Komunitateak, dagoeneko, abenduan bere atxikipena eman zuen. Toki entitateen batzeko nahia abenduan bertan Gobernuak Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren bidez egin zien gonbidapenaren ondoren etorri da.

Honakoak dira ekimenarekin bat egin duten udalak: Lodosa, Mendavia, Artajona, Falces, Milagro, Murillo el Fruto, Erriberri, Baztan, Aranguren, Carcastillo eta Castejon. Beste honako udal hauek, ordea, atxikitze bidean daude: Iruña, Burlata, Zizur Nagusia, Altsasu, Berriobeiti eta Gares. Udalerri horietako biztanleak 295.000 dira osotara.

Ekimen irekia

Aipatutakoez gain, ekimenarekin bat egin du Altsasu, Olazti eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak. Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatea aldiz, batzeko bidean da. Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak zabalik du bidea beste udal eta toki entitateek ekimenarekin bat egin nahi izanez gero, eta informazioa eskatzeko gonbitea egin die. Informazioa jasotzeko 848 420 130 telefonoa edo gabinete.migracionyjusticia@navarra.es e-posta baliatu daitezke.

Integrazioaren aldeko Hiri eta Eskualdeen Sarea plataforma bat da toki erakundeek, eskualde mailakoek, mankomunitateek eta erkidegoetakoek haien lurraldeko migratzaile eta errefuxiatuen integrazioari buruzko garrantzizko informazioa eta praktika onak partekatu ahal izateko. Helburua da eskualde, hiri eta herri inklusibo eta integratzaileak eraikitzen laguntzea gizarte kohesioa indartzeko eta Europar Batasuneko lurraldean pertsona immigranteen eta errefuxiatuen integrazioa sustatzeko.

Joan den abenduan, Nafarroa Foru Komunitate gisa sare horretan sartu zenean, Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak eta Patricia Ruiz de Irizar Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak gutun bat igorri zioten Foru Komunitateko udalerrietako lagin bati. Hala ere, ekimena gainontzeko toki entitateei ere zuzendua dago.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA