Zezen-ikuskizunetako segurtasun neurriak handitu beharra dagoen hausnartuko dute Nafarroako Gobernuak eta toki entitateek

6 otsaila, 2020
By

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak eta toki entitateek topaketa sorta bati hasiera eman diote Nafarroako zezen-ikuskizunak aztertu eta horien segurtasuna hobetzera eta handitzera bideratutako diagnostiko bat osatzeko.

Otsailaren 6an egindako lehenengo bilerara honako hauek bertaratu dira: Amparo López Barne zuzendari nagusia, Jesús María Rodríguez Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia eta zenbait udaletako ordezkari, zuzenago, Arguedas, Buñuel, Cáseda, Cortes, Falces, Iruña, Azkoien, Gares, Lodosa, Marcilla, Zangoza eta Tafallako udaletako ordezkariak. Horretaz gain, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKFko) zenbait ordezkari ere bertan izan dira. Halaber, bileran beste hauek ere egon dira: Foru Komunitatean zezen-ikuskizunak baimendu eta zaintzeko eginkizuna duen Foruzaingoko Jokoaren eta Ikuskizunen Brigadako zenbait kide, José Javier Boulandier Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren zuzendaria, Francisco Javier Baldanta Suhiltzaileen burua baita Barne Zuzendaritza Nagusiko zenbait teknikari juridiko ere.

Lantalde horrek aztertuko du herrietako zezen-ikuskizunetako parte hartzaileen, ikusleen, ikuskizunean parte hartzen ez duten baina inguruan dauden pertsonen eta orokorrean, herritar guztien segurtasuna handitu eta hobetzeko aparteko neurririk hartu behar ote den.

Topaketa zikloa

Lehenengo saioan, 2019ko diagnostikoa aurkeztu, arriskuen azterketa egin eta Foru Gobernuaren eta udalen arteko adostasunak izan dituzte hizpide.

Hurrengo bilera otsailaren 27an izanen da eta, bertan, segurtasun elementuen inguruan aritzeaz gain, beste autonomia-erkidegoekin analisi konparatiboa eginen da.

Hirugarren saioa, berriz, martxoaren 14an eginen da. Kasu horretan, herrietako zezen ikuskizunak kontrolatzeko prozesua eta ikuskizuna dirauen bitartean aplikatu beharreko esku-hartze protokoloa aztertu eginen dira.

Amaitzeko, apirilaren 7an azken saioa eginen dute ondorioak aurkeztu eta adostutakoak zehazteko.

Istripuak eta hildakoak

Hausnarketa talde horrek duen dokumentazioari jarraiki, 1988tik hona  18 pertsona hil dira Nafarroan zezen-ikuskizunetan. Horietatik hiru Sanferminetako entzierroetan (1995, 2003 eta 2009an) eta gainontzekoak beste udalerri batzuetan.

Estatistiken arabera, Sanferminetako hildakoak kontuan hartu gabe heriotza horien % 61,5 bigantxen adarkadengatik izan dira eta % 38,5 zezenkoen adarkadengatik. Horretaz gain, datuen arabera, % 76,9 dira adarkaden ondorioz kalean eginiko ikuskizunetan hil direnak eta % 23,1 ordea, adarkaden ondorioz zezen plazetan edo gaitutako barrutietan hildakoak.

Horretaz gain, beste zenbait hildako egon dira abereek segurtasun hesiak salto egin ondoren.

Hesiei buruzko araudia

Ikuskizun mota horietan erabili beharreko hesien ezaugarriak maiatzaren 29ko 374/2012 Foru Arauan zehazturik daude. Bestalde, zezen-ikuskizunak arautzen dituen ekainaren 29ko 249/1992 Foru Dekretuak zezen plazetatik kanpo egiten diren zezen-ikuskizunek bete beharreko baldintzak ezartzen ditu. Funtsezko hiru alderdi aipatzen ditu: Ikuskizunaren tokia edo ibilbidea hesien bidez isolatu beharra, abereen igarobidea zailtzen duen edozein oztoporen edo parte-hartzaileren presentzia debekatzea eta igarobideak eduki beharreko gutxieneko zabalera.

Bi xedapen horietaz gain, araudia osatzeko beste honakoa ere argitaratu zen: Barne Zuzendari Nagusiak emaniko 201/2013 ebazpena, uztailaren 24koa, perimetro-hesien eta ezkutalekuen inguruko behin behineko neurriak ezartzen dituena.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA