UAGN sindikatuak despopulazioaren kontrako jarduketen proposamenak eman dizkio NUKFko lehendakariari

4 otsaila, 2020
By

Iruñean, 2020ko otsailaren 4an. UAGNko, Nafarroako nekazarien eta abeltzainen batasuneko, lehendakari Félix Bariáinek,  Juan Carlos Castillo NUKFko lehendakariari eman dio “Nafarroan landa eremuko despopulazioaren kontrako jarduketa plana”. Txostenak despopulazioaren arazoari nekazaritzaren elikagaien ikuspegitik heltzen dio eta proposatutako zenbait alderditan eta interesetan toki entitateekin bat dator.

Gaur goizean Federazioko egoitzan egindako bilerara, bi lehendakariez gain honako hauek bertaratu dira: Berta Enrique Federazioko idazkaria, eta UAGNko Luis Serrano idazkaria eta Iñaki Mendióroz zuzendari teknikoa.

Sindikatuak emaniko txostenak landa esparrua hainbat alderdiren inguruan egituratzen laguntzea du xede; besteak beste, nekazaritzako elikagaien sektorearen, bertako ustiaketen, kooperatiben, enpresen eta gainontzeko gizarte eragileen zein eragile ekonomikoen inguruan egituratzen laguntzea alegia. Idatziak zenbait helburu aipatzen ditu; besteak beste, landa esparruaren despopulazioa gelditzea, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarria eta gizarte baldintza duinak bermatzen dituena sustatzea, enplegua sortzea, sektorera jende gaztea batzea, ekoizpen inbertsioei laguntza ematea, azpiegiturak eta komunikabideak hobetzea eta energia berriztagarriak sustatzea.

Nafarroako eremuen ezaugarri demografikoak aztertu ondoren, txostenak 24 neurri eta ekintza proposatzen ditu. Hona hemen horietako batzuk: Landa Eremua Garatzeko Plana gehiago bideratzea despopulazioaren kontra borrokatzera, Nafarroako nekazaritzako produktuak sustatzeko kanpainen aurrekontua handitzea, zergei dagokienez hainbat neurri, sektoreari abalak eta kredituak emateko funts publiko-pribatuen sorrera bultzatzea, banda zabalaren eskuragarritasuna hobetzea, gehien kolpatutako eremuentzako plan berezi bat egitea, enpresen finkatze prozesuaren tramitazioa bizkortzea eta toki entitateen finantzazio eredua berrikustea.

Hondakinen kudeaketa

Bilera berean, UAGNko ordezkariek hondakinen plan berriaren harira, hondakinen kudeaketari dagozkionez dituzten proposamenak ere helarazi dizkiote Federazioko lehendakariari baita nekazal sektoreak erabiltzen dituen plastikoen tratamenduarekin lotutako ekimen batzuen berri eman ere.

Prezioekin arazoa

Azkenik, nekazal produktuen prezioaren arazoa hizpide izan dute eta sindikatuak horren inguruan datozen asteotarako aurreikusi dituen jarduketak azaldu ditu.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA