NELS Sarearen Batzorde Betearazle berriak Gomez kontseilariari aurkeztu dio 2020-2025eko Plan Estrategikoaren zirriborroa

13 urtarrila, 2020
By

Jasangarritasunaren aldeko Nafarroako Toki Entitateen Sareko (NELSeko) Batzorde Betearazleko ordezkari berriek urtarrilaren 13an aurkeztu zioten Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari 2020-2025eko Plan Estrategikoaren zirriborroa. Hala egin zuten harekin izandako bilera batean eta, bide batez, zenbait ekimenetan bi alderdiak elkarlanean aritzeko proposamena egin zioten.

Bileran izan ziren sarearen lehendakaria eta Atarrabiako zinegotzia den Etor Larraia eta lehendakariordea eta Noain-Elortzibarko alkatea den Sebastián Marco. Haiekin batera, Mikel Ortigosa sarearen idazkari teknikoa ere bertan izan zen. Kontseilariarekin batera, berriz, Pablo Muñoz Ingurumeneko zuzendari nagusia bertaratu zen.

Toki entitateetako ordezkariek adierazi bezala, sarea 18 urteko jardunaren ostean, etorkizunera begira dago eta “toki entitateen sare egonkorra, aintzatetsia eta egitura eraginkorrekoa” izateko helburua du. Sareak otsailerako aurreikusten du hasiko dela estrategia berria lantzen eskualdeka eginen dituen topaketa batzuen bidez. Zehatzago, topaketak eginen dira Garesen (3an), Tuteran (6an), Irunberrin (10ean), Larraintzarren (11n) eta Berriozarren (13an).

Jasangarritasunaren aldeko Nafarroako Toki Entitateen Sareak Foru Komunitateko 200 toki entitate inguru biltzen ditu. Entitate horiek guztiek tokiko garapen jasangarriarekin konpromiso irmoa izatearekin batera, haien Toki agenda 21ean ekintza plan bat abian dute.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA