Foru Gobernuak “Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak” txostena aurkeztu du

13 urtarrila, 2020
By

Nafarroako Gobernuak lehentasunez jardun beharko du Montejurra, Zangoza, Erdialdeko Eremua, Pirinioak eta Prepirineo eskualdeetan, landa-inguruneko despopulazio-arrisku posibleen aurrean. Hala ondorioztatzen da “Nafarroako lurralde desberdintasunen diagnostikoa: erronkak eta proposamenak” txostenean. Idazkia Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak egina da eta Nafarroako eskualde desberdinetako lurralde-, demografia-, lan-, gizarte- eta lehiakortasun-desberdintasunak aztertzen ditu.

Azterketa Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizak aurkeztu zuen, eta harekin batera izan ziren Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren zuzendari nagusia, Luis Campos, eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, Jesús Mª Rodríguez.

Cirizak ondorengoa nabarmendu zuen: “nahiz eta, oro har, Nafarroan biztanle-kopurua igotzen ari, eta despopulazioaren arazo larriaz hitz egin ezin badezakegu ere, badira eremu ahulagoak, jada, biztanleriaren atzerapena jasaten ari direnak; esate baterako, Pirinioetan eta Ameskoetan. Beraz, funtsezkoa da guk zerbait egitea eta, besteak beste, gazteentzako ekintzailetza berritzaileko proiektuen aldeko apustua egitea, landa-berrikuntzako espazioak edota Smart Village-ak sortzea”.

Azterketa gizartearen aldetik hiru desberdintasunetan oinarritu da:  despopulazioa, enplegua eta gizarte-politikak. Hala ere, desberdintasunean alderdi gehiagok hartzen dute parte. Luis Camposen arabera, aldagai guztietan ikusten da “lurralde-kohesioa ez dagoela bermatuta eta batzuetan, gainera, ahultasun-egoerak nabari direla politika espezifikoak eta sektorialak eskatu behar lituzketen lurralde batzuetan, aukerak gehiago zatitu ez daitezen”.

Lurralde eta demografia mailako desberdintasunak

Nafarroa biztanleria-gune batzuen arabera egituratzen da, eta gune horiek eskualdeetako goiburuak izaten direnez, nolabaiteko polizentrismoa dagoela esan daiteke.  Iruñak eta Iruñerriak dute Nafarroako demografia-pisu gehien, Foru Komunitateko biztanleria osoaren %50 baino gehiago hartzen baitute. Hiriburuarekin batera, beste gune batzuk daude, batik bat komunikazio-ardatz estrategikoekin lotuta daudenak eta garapenari eusten diotenak. Neurri batean, ardatz horietan aurkitzen ez direnek dituzte lurralde-mailako ahultasun gehien.

Europar Batasunaren arabera, despopulazio-arriskua kilometro karratu bakoitzeko 12,5 biztanleko dentsitatea dagoenean gertatzen da. Nafarroan, bi eskualde daude balio horren oso azpitik: Pirinioa (4,1 biztanle kilometro karratuko) eta Aurrepirinioa (7,7). Beste batzuk, berriz, arrisku-maila horretara iristen dira: Arga Valles (19,9), Zangoza (14,3) eta Larraun (18,8). Dena den, kontuan izan behar da biztanleria-dentsitatea hausnarketa sakonagoa eskatzen duen estatistika dela eta ezkutuko aldagaiak dituela; esate baterako, Ega JurraMendiko eskualdean, Lizarrako herria kentzen badugu, biztanleria-dentsitatea 16,1 biztanlekoa da kilometro karratuko, eta, era horretan, lehentasunezko jarduerako eremu izatera igaroko litzateke.

Zahartzeari dagokionean, datu okerrenak dituzten eskualdeak despopulazio-maila handien eta dentsitate gutxien dituztenekin lotzen dira hein handi batean: Pirinioa, Zangoza eta Ega JurraMendi.

Halaber, aipatu behar da euskarri biztanleria deiturikoaren pisu-galera desberdina dela. Euskarri biztanleria esaten zaio bizi den eremuko egitura soziala, demografikoa eta ekonomikoa jasaten duenari; alegia, ekonomia sortzen dutenak dira, eta, aldi berean, seme-alabak eta adinekoak zaintzeko erantzukizuna dutenak. Emakumeei dagokienez, haien bizitza aktiboa eta lan-bizitza egitera profesionalki garatzeko aukera hobeak eskaintzen dizkieten espazioetara joan dira.

Inmigrazioa beste faktore erabakigarria da gure udalerrietako egitura demografikoak osatzerakoan.  Nekazaritzarekin eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa-industriarekin gehien lotutako eremuetan jasotzen dira, proportzionalki, etorkin gehien.  Horri dagokionez, Goi Erriberako eta Erriberako eskualdeetan dago atzerrian jaiotako biztanleria-portzentaje handiena; ondorioz, despopulazioaren fenomenoak ez du zuzeneko eraginik, baina neurriak eta ekintzak abian jarri beharko dira biztanle horien bizikidetza eta gizarteratzea hobetze aldera.

Azkenik, landa-biztanleriaren maskulinizazioari dagokionean, batez ere gazteengan eta tarteko adinetan gertatzen da; izan ere, adin horretan emakume edo neska askok alde egiten baitute produkzio-lanaren inguruan berdintasunik ez izateagatik eta hezkuntza-maila handiagoa edukitzeagatik.

Lan-arloko desberdintasunak

Enpleguari erreparatuta, eskualdeen produkzio-espezialitate ezberdina dela-eta, lurralde-mailan alde nabarmenak gertatzen dira.

Erriberako eremuan, lehen sektoreak, eta, ondorioz, nekazaritzako elikagaien industriak indar handia dute, eta bertan aurki ditzakegu langabezia-maila handienak. Azken hamarkadan inguruan langabeziak gora egin du, batik bat emakumeen kasuan. Krisiaren efektuei bestelako industria-jarduerarik, eta bereziki, zerbitzuen sektorekorik eza gehitu behar zaienez, ezin izan da langabezia-mailari eutsi.

Sakana bezalako eremutan, manufaktura-industria tradizionalki jorratu den lekuetan, ordea, enplegu asko berreskuratu da azken urteetan.  Hala ere, enplegua ia erabat industria-sektorean oinarritu da, neurri handi batean maskulinizatuta dagoen sektorean alegia. Prozesu hori Iruñerrian ere berdin-berdin gerta zitekeen, baina eragin txikiagoa izan du emakumezkoen langabezian, zerbitzuen sektorea gehiago garatu delako, eta, batez ere, produkzio-aniztasun handiagoa gertatu denez, profil desberdinagoak enplegatzeko aukera eskaintzen duelako horrek.

Desberdintasun sozialak

Gizarte-politikei dagokienean, nabarmendu behar da Erribera, Lizarrako Ega Erribera eta Goi Erribera bezalako eskualdeetan  pobrezia-maila handiagoa eta errenta txikiak eta ertainak ugariagoak direla.  Halaber, babes sozialeko sistemen eskaera ezberdina da lurraldeka eta langabeziaren arabera (zerbitzuak eta prestazioak).

Azkenik, ahultasun soziala handiagoa da fenomeno globalizatuak (pobreziaren feminizazioa, biztanleriaren zahartzea…) biltzen diren eskualdeetan. Ildo horretan, ahultasun sozialeko egoeren analisiaren arabera, lurralde-mailako ikuspegia barne hartuta, errealitate hori areagotu egiten da pertsonen sexua, adina edo jaioterria bezalako bestelako faktoreen arabera. Esate baterako, biztanleriaren zahartze-prozesuak nabarmentzen diren eskualdeetan (Pirinioa, Aurrepirinioa, Zangoza,…), onartutako mendekotasuna duten pertsonen presentzia handiagoa da, eta horrek sozialki adierazten du zenbait zerbitzu edo prestazio eskatzen direla edota baliabideak talde horien premia zehatzetara egokitzen direla.

Despopulazioa gerarazteko jarduera-ildoak

Gogoratu behar da pasa den martxoan onartu zirela Erronka Demografikoaren aurreko Estrategia Nazionalaren Gidalerro Orokorrak, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak eginak.  Estrategia horren helburu orokorra da herrialde-proiektu baten oinarriak finkatzea, lurralde osoan aukera-berdintasuna eta herritarren eskubideen askatasuna bermatzeko. Eta hori guztia administrazio publiko guztien koordinazioaren eta lankidetzaren, baliabide endogenoen aprobetxamendu iraunkorraren eta lankidetza publiko-pribatu estuaren bitartez.

Besteak beste, zeharkako zazpi helburu proposatzen dira: herritar guztiei oinarrizko zerbitzuen prestazio egokia ziurtatzea berdintasun-baldintzetan, lurralde bakoitzeko ezaugarrietara egokituta; lurralde-mailako konektibitate osoa bermatzea, banda zabaleko eta telefono mugikorreko interneteko estaldura egokiarekin; udalerri txikietako Udalen kudeaketa erraztea, araudi eta administrazio izapideak sinplifikatuta; estereotipoak ezabatzea eta arrisku demografikoek eragindako lurraldeei eta haien irudiari balioa ematea; estrategia hori Garapen Iraunkorreko Helburuak eta 2030 Agenda betetzearekin lotzea; legeak, planak eta inbertsio-programak egiterakoan inpaktu eta ikuspegi demografikoa sartzea; eta lankidetza publiko-pribatu handiagorako mekanismoak hobetzea, faktore demografikoak sektore pribatuaren erantzukizun sozialean sartzea bultzatuz, lurralde guztiak aukera-egoera bilakatzearren.

Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateari dagokionean, eta Despopulazioaren aurka Borrokatzeko Batzordearen esparruan, erronka demografiko hori gerarazteko hainbat esku-hartze proposatzen dira: gazteentzako ekintzailetza berritzaileko proiektuak; landa-guneko berrikuntza-espazioak sortzea; landa-guneetan mendekotasuna artatzeko zerbitzuak sortzea; coliving kolaboratzailea; etorkinak lan eta gizarterako programak garatzea; espezializazio adimentsuko estrategiak eskualdeen arabera; zerbitzu-zentroetarako mugikortasun-fluxuak eta eskualde barnekoak aztertzea eta hobetzea; smart villages; eta talentua erakartzeko guneak sortzea, lurraldeko potentzialtasunekin lotuta.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA