Toki entitateek aldeko txostena eman diete Nafarroako Aurrekontuen eta 2020ko Transferentzia arrunten proiektuei Gobernuak haien eskaerei men egiteko konpromisoa hartu duelako

26 abendua, 2019
By

Iruñean 2019ko abenduaren 26an. Toki entitateetako ordezkariek aldeko txostena eman diete Nafarroako Aurrekontuen foru legearen eta 2020ko Transferentzia Arrunten Funtsaren proiektuei, Foru Gobernuak bi legeen inguruan entitateek proposatutakoa onartzeko konpromisoa hartu duelako. Hala adostu dute bi aldeek gaur goizean egindako Toki Araubideko Foru Batzordearen bilkuran. Bertan, oniritzia jaso du ere bai datorren urterako epeak zenbatzeko egun baliogabeak ezartzen dituen foru dekretuaren proiektuak.

Aurrekontuen proiektua

Lehenik eta behin, Batzordeko Foru Komunitatearen ordezkaritzak toki entitateei transferentziak handitzeko konpromisoa hartu du, libreki erabaki beharreko aurrekontu partida bat gehituta. Horri dagokionez, NUKFk eskatu du transferentziak osotara toki entitateek 2018an jasotakoa baino gutxiago ez izatea. Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeko Foru Legeak hala eskatzen baitu NUKFren iritziz.

Bestalde, udal igerilekuak osasuneko eta segurtasuneko araudi berriari egokitzeko, hezkuntzako azpiegituretarako eta despopulazioaren aurka borrokatzeko aurrekontu-zuzkidurak hobetze aldera, talde parlamentarioekin lan egiteko konpromisoa hartu du Gobernuak.

Hirugarrenik, NUKFk proposatu du Nafarroako Aurrekontuetan partida izendunak ekiditea eta horien ordez aplikazio orokorrekoak txertatzea. Proposamen hori ere talde politikoei helarazteko konpromisoa hartu du Gobernuak.

Gobernuaren ordezkariek hartutako azken konpromisoa, berriz, honakoa izan da: inbertsio finantzarioki jasangarrietarako finantzazioa izan eta ezarritako epeetan obrak egin ezin izan dituzten toki entitateentzako irtenbide bat bilatzea finantzazio hori gal ez dezaten.

2020ko Funtsaren proiektua

Toki entitateetako ordezkaritzak aldeko txostena eman dio ere bai 2020ko Transferentzia Arrunten Funtsaren zenbatekoa eta banaketa arautzen dituen Foru Legearen proiektuari. Toki entitateek proiektua ontzat eman dute behin Gobernuak 2021ean indarrean jarriko den toki finantzazio sistema berria osatzeko lantalde bat sortzeko konpromisoa onartu duenean.

Egungo lege-proiektuak Funtsa % 3 handitzea aurreikusten du (KPI gehi bi puntu) eta banaketa sistema berbera ezartzen du. Sistema horrek KPI gehi puntu bateko igoera bermatzen die entitate guztiei banaketarako formula aplikatu ostean emaitza edozein dela ere. Beste puntua ordea, formula aplikatuz banatuko da.

Edozein modutan ere, Federazioak eskatu du 2021a iristerako finantzazio sistema berria abian egongo ez balitz, Funtsak zuzkidura nahikoa izan dezala bermearen klausula aplikatu behar ez izateko.

Egun baliogabeak

Azkenik, Batzordeak Foru Komunitatean epeak zenbatzeko garaian larunbatak, igandeak eta izaera orokorreko zein tokiko jai-egunak egun baliogabe izendatzen dituen foru dekretuaren proiektua onetsi du.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA