Udal integratzaileak

18 abendua, 2019
By

“Immigrazio alorrean eskumen gutxi ditugu baina udalak giltzarri gara gure gizartera iristen diren pertsonak integratzeko”. Hala adierazi du gaur goizean Juan Carlos Castillo NUKFren lehendakariak Gurutze Gorriak antolatu duen toki entitateen berdintasun politiken inguruko rol eta esperientziei buruzko mahai-inguruan. Bertan izan dira ere Ana Gongora Burlatako alkatea eta Angel Unzue Agoizko alkatea.

Castillok azpimarratu du udalek oso denbora gutxian haien agendan ez zeuden politikak garatu behar izan dituztela Nafarroan berriki gertatu den immigrazio fenomenoagatik. Hala ere, adierazi du udalerrian bizi diren pertsonen ongizatea eta gizartearen kohesioa direla beti toki entitateen helburu nagusiena.

Horretaz gain,  integrazioaren kultura zabaltzeko eta harrera prozesuetan gizarte eragileekin zein Foru Administrazioarekin elkarlanean Federazioak egindako lanaren garrantzia azpimarratu du. Horren harira aipatu du GGKEen Koordinakundearekin batera egindako gida, toki entitateak eta pertsona errefuxiatuak gaitzat dituena eta egun eguneratzen ari direna. Bestalde, gogora ekarri du ere errefuxiatuentzako harrera protokoloa egin duen lantaldean parte hartzen duela Federazioak.

Azkoiengo kasua

Federazioaren lehendakariak adierazi du bere udalerrian, Azkoienen, osotara 5.800 herritar  izanik 1.000 etorkin bizi direla, eta kultura eta erlijio berriak dituzten pertsonak iristearekin batera, udalak eta gizarteak berak ahalegina egin behar izan dutela errealitate berrira egokitzeko. Egokitzapen horretan Gurutze Gorriaren laguntza izan dute eta entitate horren lana garrantzitsutzat jo du lehendakariak.

Bestalde, herrian egin dituzten ekimenen artean, “Entre iguales” programa azpimarratu nahi izan du. Bertan, gazte boluntarioek ikasle etorkinei laguntza ematen diete. Lehendakariak esan duenez, orokorrean proiektu horrek eta bestelakoek hainbat kolektibo eta erakunderekin zeharkako lan handia eskatzen dute.

Tokiko beste ekimen bat asoziazionismoa sustatzea izan da, iritsi berri diren pertsonak udalerriko jardueretan eta herritarren partaidetza alorrean parte har dezaten lortzeko.

Burlata: 80 nazionalitatetako pertsonak integratzea

“Egun Burlatan, 80 nazionalitatetako pertsonak bizi dira. Indargunea dela uste dugu baina egoerari arreta egokia eman behar zaio ezinbestean” Baieztapen horrekin eman dio hasiera bere hitzaldiari Ana Gongora Burlatako alkateak.

Gongorak gogoratu du 60. hamarkadan Burlatako garapen prozesuak Nafarroako beste udalerrietako eta Espainiako beste eskualdeetako pertsonen harrera izan zuela oinarritzat. Berriki, udalerriak hainbat etorkinei harrera egin die eta, egun, erroldaren %16 etorkinak dira.

Aniztasuna egoki kudeatzeko, udalak Kultura Aniztasuna eta Migrazioaren Zinegotzigoa du. Zinegotzigo horrek Burlatara iristen diren pertsonei arreta emateko politikak artikulatzea du helburu, bereziki, behar bereziak eta premiazkoak dituzten etorkinen kasuan.

Era berean, Udalak arlo horretarako zerbitzu teknikoa du langile espezializatuekin hornitua eta horiek gainontzeko udal arloekin zeharkako lana egiten dute.

Bere entitateko lan ildoen artean Gongorak ondorengoak azpimarratu ditu:  etorkinei udal zerbitzuak eskuragarri egitea helburu duen harrera programa (horretarako, gida bat argitaratu dute 10 hizkuntzatan);  NUPekin batera eginiko ikerketa lanak udaleko errealitate soziala aztertzeko; sentikortze programak; gaztelania ikasteko eta euskarara hurbiltzeko programak, kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko ekintzak, asoziazionismoa sustatzea edo gatazka kasuetarako kulturen arteko bitartekaritza.

Agoitz: etxebizitza eta boluntariotza

Azkenik, Angel Unzue Agoizko alkateak Nasuvinsarekin elkarlanean errefuxiatuen eskura jarritako 4 etxebizitzen berri eman du. Etxebizitza horietatik, dagoeneko, 100 pertsona igaro dira. Era berean, adierazi du harreraren lehenengo fasearen ondoren, errefuxiatuen % 50 baino gehiago udalerrian bizitzera gelditu direla.

Adierazi duenez, bulegoak eta lokalak lagatu ditu Udalak programa bera  eta antolatutako jarduerak gauzatu ahal izateko.

Bestalde Unzuek bereziki garrantzitsutzat jo du udalerriko pertsona boluntarioen lana. Funtsezko lana egiten dutela adierazi du egunerokoan lagunduta eta baita hizkuntza irakasteari dagokionez.

Hala ere, esan du zenbait gabezia antzeman dituztela, besteak beste, Nafarroako Gobernuak baliabiderik ez ematea hainbat ekimenetarako edo enplegurako zailtasunak.

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA