Nafarroako Gobernuak toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko plan bat bultzatuko du

10 urria, 2019
By

Pablo Azcona Geroa Baiko parlamentariaren galdera bati erantzunez, Bernando Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak Parlamentuan esan duenez, toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko lau urteko plan bat martxan jarriko dute. Plana 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalei zuzenduta egonen den arren, hala eskatzen duten biztanle gehiagoko udalerriek ere atxiki ahalko dira.

Kontseilariaren iritziz, azken urteotan Nafarroako Gobernuak ez du entitateetan administrazio elektronikoaren prozesua gidatu eta jakitun azaldu da horrek dakartzan zailtasunen inguruan, izan ere 272 udal eta 346 kontzeju baitaude.

Gobernuak hartuko dituen neurrien inguruan, Cirizak aurreratu duenez, lehenengo urratsa toki entitateak administrazio elektronikoari dagokionez zein egoeratan dauden jakiteko diagnostikoa egitea izanen da. Berehala lanean hasiko direla adierazi du egun ez duten egoeraren argazki orokor hori eduki ahal izateko.

Cirizak zehaztu duenez, behin diagnostikoa edukita, toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko lau urteko plan bat martxan jarriko dute 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako eta hala eskatzen duten biztanle gehiagoko udalerriek ere atxiki ahal izango dira.

Kontseilariak gehitu duenez, horrekin batera Gobernuak banda zabaleko plana abiatuko du, Gobernuko zein toki administrazioetako egoitzetako konektagarritasunaren hobekuntza bultzatuko du eta garapen ekonomikoa sustatuko du eremu guztietan.

Bestalde, Pablo Azconak ohartarazi duenez, toki entitate gehienetan ez da bere osotasunean lortu legeak ezartzen duen betebeharra, hots, herritar guztiei  haien administraziorako sarbide elektronikoa bermatzea. Helburu hori lortzeko, Azconak “ezinbestekoa” ikusten du Gobernuaren “sostengua”.

Aldarrikatu duenez, beharrezkoa da Gobernuak toki entitateak sostengatuko dituen plan bat egitea eta plan horrek ekipoak zein programak eskuratzeko eta langileentzako trebakuntzarako baliabideak eduki beharko lituzke.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA