NUKFk 2023ra arte berritu du Botere Judizialaren Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sinatuta zuen pertsona zaurgarrien etxegabetzeei buruzko hitzarmena

4 urria, 2019
By

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 2023ra arte luzatu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin (BJKNrekin) eta Nafarroako Gobernuarekin zuen hitzarmena hipoteka exekutatzeengatik edo errenta ez ordaintzeagatik eratorritako etxegabetzeen kasuetan familia zaurgarriak hauteman eta artatzeko. Federazioko jarduneko lehendakariak, Pablo Azconak, iragan urriaren 3an sinatu zuen aipatu hitzarmenaren luzapena, Eduardo Santos Justiziako kontseilariarekin. Aurretik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ere hala egina zuen.

Hitzarmen hori 2016ko irailaren 22an gauzatu zen lehen aldiz eta, beraz, oraingoa aldeek sinatzen duten hirugarren luzapena da. Oraingo honetan, ordea, hitzarmena ez da urtebeterako luzatuko, orain arte bezala, 2023ko irailaren 22ra arte baizik.

Hitzarmenak, familiaren etxebizitza altxatzearen ondoriozko zaurgarritasun balizkoak hautematea lantzen du, eta baita gizarte izaerako neurriak ere. 2016an bezala, testuak ezartzen duenez, BJKNk Gobernuari jakinaraziko dizkio pertsona bat gizarte bazterketa egoeran egon daitekeen kasuak, jabe zen edo alokairuan zuen etxebizitzaren gainean jasandako kaleratzearen ondorioz.

Une horretatik aurrera, Gobernuak eta hitzarmenarekin bat egin duten toki erakundeek beraien babes programak aktibatuko dituzte. Programa horiek, larrialdi laguntzak ematean, etxebizitza alorreko bitartekaritzan (finantza erakundeekin, etxebizitza jabetzan egon denean, edo errentatzailearekin, alokaturiko etxebizitza izan denean), eta etxebizitza sozialen foru funtsean, alokairu poltsan edo etxebizitza babestuetan dauden etxebizitzen errentamenduetan zentratuko dira.

Baina horrez gain, hirugarren eranskin eta luzapen horrek kaleratze eta hipoteka exekuzio prozedura kasuetan datuen lagapenaren gaineko aldaketak sartzen ditu. Izan ere, lehen hitzarmena sinatu zenetik, datu pertsonalen tratamendua eta babesa arautzen dituzten Europako arautegia eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa sartu dira indarrean.

Hitzarmen horren bidez, Nafarroako Gobernuak eta hitzarmenarekin bat egin duten toki erakundeek berretsi egin dute beraien familia-etxebizitzatik kaleratuak izan ondoren gizarte bazterketa arriskuan geratzen diren pertsonekin duten konpromisoa. Gizartearen aurkako eredu eta politika ekonomikoen ondoriotzat hartzen den etxebizitza galeraren aurrean babes neurriak eskaintzea bilatzen da.

Hitzarmenarekin bat egiteko interesa duten toki erakundeek, gai horen inguruan hartzen dituzten akordioen kopiak bidali beharko dizkiote NUKFri eta hark, aldi berean, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza Departamentura bidaliko ditu.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA