Gobernuak Gizarte Zerbitzuen Zorroa onetsita, 25 zerbitzu eta prestazio berri bermatuko dira

20 martxoa, 2019
By

278 milioiko aurrekontua du, %55,2 gehiago 2015ean baino

Nafarroako Gobernuak onetsi du, martxoaren 20ko bilkuran, Gizarte Zerbitzuen Zorroa arautzen duen foru dekretuko aldaketa.

Dekretu berriak 21 zerbitzu edo prestazio berri ditu (12 bermatu eta 9 bermatu gabe), bermatu gabetzat jota zeuden 13 bermatutzat jotzen ditu, beste 27 eskuratzeko irizpideak aldatzen ditu, zerbitzu horietako 42etan emandako laguntzaren intentsitatea aldatzen du eta horietako 9etan kontzesio epea laburtzen dira. Gizarte Zerbitzuen Zorroko prestazio bermatuei heltzeko aurrekontua 278 milioi eurokoa da, hau da, %55,2 handiagoa 2015eko hasierako aurrekontua baino (179,2 milioi).

Zerbitzu gehiago sartuz, zerbitzu batzuk eskuratzeko baldintzak aldatuz eta beste batzuk bermatuz arreta hobetu eta eskubideak handitu gogo dira oinarrizko arretan, dependentzian, desgaitasunean, eritasun mentalean, gizarteratzean, adingabeen artean eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimen artean.

Zerbitzu bermatuak

Katalogo berriak bermatutzat hartzen ditu lehenago halakoak ez ziren batzuk: familiaren orientazioa, familiaren bitartekaritza, familiaren topaketa eta adingabeak hartzeko zentroa adingabeei arreta emateko alorrean; kanpoko laguntza adinekoen, desgaitasunaren eta eritasun mentalaren alorrean; etxebizitzaren baliabideak (pisu tutelatuak, gainbegiratuak eta egoitza-etxea) eta eguneko zentroa eritasun mentala dutenentzat.

Gainera, prestazio eta zerbitzu berriak erantsi dira, denak bermatuak, batez ere dependentziaren eta gizarteratzearen arloan, edo genero indarkeriaren biktimak eta adingabeak babestekoan. Hauek nabarmentzen dira: sostengurako produktuen zerbitzua (orientazio eta aholkularitza zerbitzua), unibertsala; bizitza beregainaren bulegoa (desgaitasuna eta dependentzia dutenentzat); norberaren autonomia sustatzeko eta dependentzia prebenitzeko zerbitzuak; familian esku hartzeko zerbitzua desgaitasuna dutenen pertsonen kasuan; laguntza ekonomikoa, erabilera librekoa, egoitza batean sartu eta baliabide ekonomikorik ez dutenentzat (adinekoak, desgaitasuna, eritasun mentala), oinarrizko gastuak pagatzeko; eta familian eta gizartean sartzeko laguntza eritasun mentala dutenentzat.

Adingabeei dagokienez, zerbitzu hauek erantsi dira: egoitzako harreraren zerbitzu espezializatua, asteburuetako eta oporretako familia harreraren zerbitzua, egoitzako harreran dauden adingabeentzat, eta egoera kalteberan dauden ama nerabeei laguntza emateko zerbitzua. Gainera, familian harrera egiteko mota guztiei lotutako laguntzak arautu dira, larrialdiko familiarena eta familia zabalena barne.

Genero indarkeriaren biktimei arreta emateko alorrean, hauek erantsi dira: salerosketaren biktimentzako harrera zerbitzua eta arreta eta aholkularitza zerbitzuak atzerritartasunari eta kultura arteko bitartekaritzari buruz, gizarteratzearen eta babes sozialaren esparruan.

Zorroan orain arte jasota ez zeuden beste bederatzi prestazio erantsi dira, nahiz eta Administrazioak ez dituen bermatzen. Honako hauek dira, funtsean: etxebizitzetarako zerbitzu eta prestazio ekonomikoak, sostengu maila desberdinak dituztenak, bizitza beregaina izan dezaten desgaitasuna dutenek; laguntzaile pertsonal bat desgaitasuna dutenentzat; eta, etxeko udal zerbitzuan, oinarrizko beharrak ase izateko mugak dituztenentzat, baldin eta dependentziaren aitortza ofizialik ez badute, beren bizi kalitatea hobetzeko eta bere ohiko ingurunean jarraitzeko.

Gainera, prestazioak jasotzeko eskubidea bermatzen da, ez bakarrik dependentziaren mailaren arabera edo dependentziaren aitortzaren mailaren arabera, ezpada beharraren arabera. Eritasun mentala dutenen zerbitzuen kasuan, desgaitasunaren edo dependentziaren eskakizunak kendu dira, eta sarbidea errazten da beharrezko txostenen bidez.

Gauza bera gertatzen da egoitza psikogeriatrikoetan sartzeko. Halaber, telelaguntzaren zerbitzua bermatzen da (lehenago larrialdiaren zerbitzu telefonikoa) modu unibertsalean, beharraren arabera. Gainera, zenbait zerbitzu eskuratzeko 65 urteko muga kendu da (desgaitasuna eta eritasun mentala), beharren balorazioa izanen baita pertsona batentzat egokia den baliabidea justifikatuko duena. Beste zerbitzu batzuetako esku-hartzeen intentsitatea handitu da, batez ere familiei sostengua emateko maiztasuna handituz.

 

 

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA