NUKFk eskatu dio gobernu zentralari 2019ra luzatzeko superabitaren arau bereziak

13 martxoa, 2019
By

NUKFko Batzorde Betearazleak aho batez erabaki zuen, joan den martxoaren 12an, gobernu zentraleko presidenteari eskatzea bidezko araudia onets dezan 2019ra luzatzeko superabitaren erabilerari buruzko arau berezien indarraldia, zeinak 2018an indarrean egon baitira.

2014tik aurrera aplikatu dira arau berezi horiek, urtez urteko luzapenen bidez. Ezaguna den bezala, iaz, Gobernuak eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioak (EUPF) hala hitzartu ondoren, gobernuak handitu zuen superabita erabiltzeko inbertsioen katalogoa.

Eskatutako luzapena Estatuaren 2019ko Aurrekontu Orokorretan zegoen jasota, baina azkenean onetsi ez dituztenez, finantzen egonkortasunari buruzko araudia lehengo egoera murritzaileagora itzuli da.

Zentzu horretan, Federazioko Batzorde Betearazlearen erabakiak proposatzen du gobernu zentralari eskatzea beharrezko araudia presta dezan 2019ko ekitaldira luzatzeko superabitaren arau berezien aplikazioa, onetsi ez den Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen proiektuan aurreikusita zegoen bezala.

Presazko erabaki horretaz gain, gauden garaian egonda, Batzorde Betearazleak beste puntu bat adostu zuen, non bere egiten baitzuen Nafarroako 90 udalek baino gehiagok eta Federazioko Batzarrak hartutako erabakia indarrik gabe uzteko aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak eta Konstituzioaren 135. artikuluan 2012an egin aldaketa.

Nafarroako udal ordezkariek gogora ekarri nahi dute berriz badituztela baliabideak entitateen diru-kutxetan, aurrekontuen egonkortasunari buruzko legeak urteetan aplikatu ondoren, eta, gainera, beharrezko dutela urtero sortzen duten superabita inbertitzea herritarren beharrei heltzeko, zeren, krisi ekonomiko luze honen ondorioz, gero eta gehiago baitira.

 

Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen finantzazioari buruzko foru dekretuaren zirriborroa. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen finantzazioari buruzko foru dekretuaren zirriborroaren berri izan zuen Batzorde Betearazleak , Eskubide Sozialetako Departamentuak Federazioak igorri baitio. Dekretu berria legegintzaldi honetan nekez onetsiko den arren, Departamentuak adierazi dio Federazioari taxutzen jarraitu gogo duela.

Testuak oinarrizko arretaren lau programei eusten die, nahitaezkotzat jotzen baititu: harrera eta orientazio soziala; norberaren autonomia sustatzea eta mendekotasun egoeran daudenei laguntza ematea; gizarteratzea; eta haurrei eta familiei laguntza ematea.

Nolanahi ere, orain ulertzen da orain arte berariazkoak ziren beste hiru programa sartuta daudela horien barnean (babestutako enplegu soziala, drogen menpekotasunaren foru plana eta larrialdiko laguntza); horrek esan nahi du kasuan kasuko langileak oinarrizko taldeetan sartuko direla. Oraingo taldeak estandar berrira egokitzeko, 3 urteko epea ezarri da.

Finantzazioa, bestalde, hiru ataletan egituratzen da: koste estrukturala; koste berariazkoak, oinarrizko eskualde bakoitzeko ezaugarri sozialei eta arretari lotuak; eta aitormen ofizialeko dependentzia duten pertsonen kostua.

Honela sailkatzen da koste estrukturala: soldaten kostua (haren erdia finantzatzen jarraitzen da, Nafarroako Gobernuko langileen erreferentziarekin, eta familiako langileen kasuan, %13,3 handitzen da, ordezkapenak ere finantzatzeko), funtzionamenduaren kostua (taldearen kostu estimatuaren %10) eta lurralde sakabanaketari lotutako kostua.

 

Beste gai batzuk

 

Hitzarmena La Caixa eta Nafarroako Kutxa fundazioekin. Bilkura berean, Batzordeak onetsi zuen fundazio horiekin izenpetu beharreko hitzarmena, zeinaren bidez berriz eginen baita aurten 2.000 biztanletik beherako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdia, enplegu sozialeko udal programetako materialen gastuak finantzatzeko. Aurtengo hitzarmenaren baldintzak aurreko urteetakoak bezalatsukoak dira, baita fundazioek egiten duten ekarpena ere: 90.000 euro.

Hauteskundeen gastu mugaren arazoa. Halaber, jakinarazi zen bilkura bat egin zela hauteskunde elkarteekin, hauteskunde kanpainen gastu mugaren ondoriozko arazoak lantzeko, eta egoera aztertuta, erabaki zen Gorteei eskatzen jarraitzea oraingo araudia aldatzeko eta ukitutakoei aholkularitza ematen segitzea.

Poliziei buruzko Foru Lege berriaren aplikazioa. Bukatzeko, presidenteak Batzordeari jakinarazi zion kontsulta bat egin zaiola Funtzio Publikoko Estatu Idazkaritzari, jakiteko zer eragin duten soldata igoeren gaineko aurrekontuen mugek foru lege horren aplikazioaren gainean. Gainera, Federazioa lanean ari da postuak baloratzeko azterlan bat izateko.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA