Hauteskunde elkarteek aztertu dute nola dagoen egoera orain, hauteskunde orokorren deialdiak bertan behera utzi ondoren kanpainaren gastu mugari buruzko araudia aldatzeko tramitazioa Gorteetan

6 martxoa, 2019
By

Joan den martxoaren 5ean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak deitutako bilkura batean, oraingo egoera aztertu zuten 2015eko hauteskunde kanpainako gastu muga gainditzeagatik Kontuen Auzitegiak irekitako jarduketek eta zehapen espedienteek ukitutako hauteskunde elkarteek, hauteskunde orokorren deialdiak bertan behera utzi ondoren lege proposamen baten tramitazioa, zeina, Federazioaren ekimenez, Senatuan baitzegoen. Goi Ganberako egutegiak martxoaren 5erako aurreikusten zuen tramitazio horren hasiera.

Gauzak horrela, Pablo Azcona NUKFko presidenteak eta elkarte eta alderdi politiko lokal horien ordezkariek ikusi zuten maiatzaren 26ko toki hauteskundeetan indarrean jarraituko dutela oraingo gastu mugak (0,11 euro biztanle bakoitzeko) eta oraingo isunek (50.000 euro gutxienez zenbateko hori %10 gainditzeagatik).

Bilkurara joandakoek baloratu zuten Nafarroako udalerri guztietako herritarrek jakinaren gainean egon behar dutela, herriko hauteskundeetan parte hartu nahi badute. Izan ere, horren berririk ez izateak ekarri du jarduketak eta zehapen espedienteak irekitzea Nafarroako 57 elkarte eta alderdi lokali eta 500i baino gehiagori Estatu osoan.

Bilkuran, Berta Enrique NUKFko idazkari nagusiak azaldu zuen zertan gelditu diren prozedura eta espediente guztiak eta zer aukera duten orain jarduketek ukitutakoek; ondoren, erabaki zen NUKFk lanean jarraituko duela sostengua eta aholkularitza ematen eta aztertuko duela errekurtsoen ereduak prestatzeko aukera. Bestalde, saioak eginen dira Gorteen hurrengo legegintzaldian aldatzeko aipatutako gastu muga eta zehapenak erregulatzen dituen araudia. Bukatzeko, erabaki zuten protesta ekintzaren bat egitea hurrengo asteetan.

Gastu muga ez da behar adinakoa

Beste behin, bilkuran agerian gelditu zen legeak ezartzen duen gastu muga ez dela behar adinakoa elkarte eta alderdi lokalentzat, nahiz baden alderdi handientzat, gastu handiagoa baimentzen baitzaie. Gastua 0,11 eurokoa izanik biztanle bakoitzeko, 1.000 biztanleko udalerri batean 110 euro baino ez dago gastatzerik kanpainan; 5.000 biztanleko batean, 550 euro, eta 10.000 biztanleko batean, 1.100 euro. Zenbateko horiek denak ez dira nahikoak boto-txartelak edo esku-orriak inprimatzeko, megafonia kontratatzeko ekitaldi baterako, edo dena delakoa etxeetara igortzeko.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA