Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

NUKFko presidenteak positibotzat jo du aurreikusitako obra lokal guztiak sartzea 2017ko superabitaren kargura Nafarroako Gobernuak onetsitako inbertsio berezietan.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak, Pablo Azconak, positibotzat jo du hasiera batean aurreikusitako obra lokal guztiak sartzea 2017ko superabitaren kargura Nafarroako Gobernuak atzo onetsitako inbertsio berezien barnean , gobernu zentralak 35,5 milioi euroko inbertsioa baimendu ondoren (nahiz eta Nafarroako Gobernuak 113 milioiko inbertsioa nahi zuen).

Toki Inbertsioen 2017-2019ko Planeko erreserban zeuden egin beharreko inbertsio lokal horiek.NUKFko buruak gogora ekarri du premiazko inbertsioak direla bizilagunei oinarrizko zerbitzuak bermatzeko: uraren hornidura sareak, zoladurak (gehienak ur-sareei lotuak), kaleko argiak…

Hori dela eta, NUKFk Nafarroako Gobernuaren konpromisoa zuen obra lokal horiek lehenesteko, azkenean onetsi zirenen artean; konpromiso hori atzo berean berretsi zion Barkos lehendakariak NUKFko presidenteari, baita Mikel Aranburu Ogasuneko kontseilariak ere.

Azconak adierazi du, halaber, azken inbertsioa, gehi Nafarroako Gobernuak onetsitako ekarpena eta proiektu bakoitzaren aurrekontua berdindu arte toki entitateek egin beharrekoa, 38 milioi eurokoa dela guztira; zenbateko koskor hori baliagarria izanen da Nafarroako ekonomiaren dinamismoari eusteko eta enplegua sortzeko, egun langabezia tasa altua baita oraindik. Guztira, 300 jarduketa baino gehiago jarriko dituzte martxan toki entitateek.

Bestalde, Federazioko buruak oroitarazi du toki entitateek behar adinako baliabideak dituztela orain onetsitako ekarpenak pagatzen ez duen inbertsioaren zatia berdintzeko; izan ere, azken ekitaldietan superabita izan dute, gastuak mugaturik izan baitituzte aurrekontuen egonkortasunari buruzko araudia dela-eta.