Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Onetsi da Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legea onetsi zuen joan den azaroaren 16ko osoko bilkuran.

 

Testuak ezartzen du ezen, jardunaldiari eta ordutegiei dagokienez, Nafarroako polizietako langileek Nafarroako gainerako funtzionarioek adinako lan-ordu izanen dituztela urtean (1.592), baita oporren, lizentzien eta baimenen araubide bera ere. Alabaina, onartzen da egutegiak egokitu behar direla polizia lanaren betebehar operatiboetara, eta berariaz adierazten da ezen, berehalakotasuna, malgutasuna eta prestasuna direla bide, zenbait unitateren araubideak gainerako funtzionarioez bestelakoa izan behar duela.

Dena dela, jardunaldiei eta lan ordutegiei buruz zehaztutakoak ez die kalterik ekarriko lege honek indarra hartzean Nafarroako toki entitateek sinatuta dituzten akordio eta hitzarmen kolektiboei.

Ordainsarien araubideari datxekiola, zenbait tarte gelditzen dira zehazteko, baina, horretarako, Nafarroako Gobernuak urtebetea du horren garapena erregelamendu bidez egiteko, baita prestakuntzari, lanpostuak betetzeari, bigarren jardunari, jardunaldiei eta ordutegiei dagokiena ere. Udaltzainen kasuan, horien titulartasuna duten toki entitateak arduratuko dira erregelamendu bidezko garapenaz.

Proba fisikoak gainditzeagatik konpentsazioa duten udaltzaingoek horri eutsiko diete, baldintza berberetan, ezertan galarazi gabe negoziazio kolektibo bidez delako konpentsazioa alda daitekeela.

Bestalde, eta lanpostuak baloratzeko kasuan kasuko azterlanak egiten ez diren arte, %6ko kobrantza baimentzen da udaltzaingoetan, txandakakotasunaren kontzeptuarengatik.

Arauak ezartzen duenez, Nafarroako toki entitateetako udaltzaingoetako funtzionarioek aukera izanen dute Foruzaingoan sartzeko, hala nahi izanez gero eta Segurtasun eta Larrialdien Eskolan bidezkotzat jotzen diren probak eta gaitasun ikastaroak gaindituz gero.

Nafarroako polizien artean sartu-irteerak egiteko eta mailaz igotzeko, kasuan kasuko deialdia egiten duen administrazioan sartzeak ekarriko du uko egiten zaiola lehengo lanpostuari; halakoetan, borondatezko eszedentzian geldituko da langilea, lanpostuaren erreserbarik gabe.

Oro har, 7.000 biztanletik 10.000ra bitarteko toki entitateek 6 agente eta lehen mailako agente 1 izanen dituzte gutxienez (polizia 1etik 1,3ra bitarte 1.000 biztanleko). 10.000 biztanletik gorakoetan (40.000 biztanle arte), 1,3tik 1,8ra bitarte; 40.000 biztanletik gorakoetan, 1,8tik 2,2ra bitarte (hau da, 12 agente eta lehen mailako 3 agente).

Ratioak zehazteko eta, “objektiboki neurriz kanpo” diren udaltzaingoen plantillak murrizteko asmoz, kontuan hartuko da zenbat udaltzain laguntzaile aritzen diren.

7.000 biztanle edo gehiagoko zuzenbideko populazioa duten Nafarroako toki entitateek sortzen ahalko dute udaltzaingoa. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuak baimena ematen ahalko du bestelakoetan ere udaltzaingoak sortu edo mantentzeko, komeni denean edo beharrezkoa denean, herritarren segurtasunaren arrazoiengatik.

Gainera, toki entitateek hitzartzen ahal dute Nafarroako Gobernuarekin Foruzaingoak bere gain hartzen dituela kasuan kasuko udaltzaingoaren eginkizunak edo zerbitzuak. Jardun horri lotzen zaizkion foruzainek beren menpekotasun organikoari eta funtzionalari eutsiko diote, baita jatorrizko eskubide eta betebeharrei ere. Helburu horrekin sinatzen den hitzarmenak honako hauek jasoko ditu, besteak beste: indarraldia, giza baliabideen eta baliabide materialen identifikazioa eta zerbitzuaren arauak, baldintzak eta antolamendua, horren finantzazioa eta likidazioa barne.

Udaltzaingoa edo udaltzaingoaren zerbitzua duten toki entitateek erabaki dezakete udaltzainak Foruzaingoan sartzea. Halakoetan, udaltzainak foruzain bihurtuko dira ondorio guztietarako, eta zer udalerritakoak diren, hortik hurbilen dagoen polizia-etxean arituko dira. Hori guztia ezertan galarazi gabe beste nonbait aritzea lor dezaketela bide arruntetatik.

Gainera, udaltzaingoa edo udaltzaingoaren zerbitzua duten toki entitateek elkartze akordioak izenpetzen ahal dituzte elkarrekin udaltzaingoaren eskumenak batera erabiltzeko, baldin eta mugakideak badira, beren populazioen batura ez bada 40.000 biztanletik gorakoa eta zeinek bere kabuz ez badu behar adinako baliabiderik. Kasu horretan, gutxieneko ratioa 1,3 poliziatik 1,8ra artekoa izanen da 1.000 biztanleko.

 

Agenteak. Agentearen lanpostuez bezainbatean, udaltzaingoa duten toki entitateek lanpostu hutsen %30 gordetzen ahal dituzte oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Nafarroako beste udaltzaingoetako edo Nafarroako beste udaltzaingo zerbitzuetako langileen artean, baldin eta agenteak gutxienez 5 urtez aritu badira horietan.

Legeak indarra hartu eta bi urtera, ezein toki entitatetan izan daitezke laguntzaileak poliziaren plantillaren %15 baino gehiago.

Nafarroako Polizien Kontseilua, zeina aholkularitza eta kontsulta organoa baita poliziaren alor teknikorako eta zerbitzuaren kudeaketa hobetzeko, honako hauek osatuko dute: Foru Administrazioaren hiru ordezkarik eta toki entitateen beste hiruk, eta horietako bat Iruñeko Udalarena izanen da, eta beste biak NUKFk proposatuko ditu udaltzaingoa duten beste toki entitateen artean. Kontseilu hori osatzeko eta berritzen den aldiro, saioak eginen dira genero berdintasunaren printzipioa errespetatzeko.

Legeak aurreikusten duenez, Foruzaingoan sartzeko, udaltzainek eta udal agenteek ez dute beterik izanen gehieneko adin bat, oraindik zehaztu gabe dagoena, eta araua argitaratzen denerako izan behar dute agente edo udaltzain.