Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Toki entitateek aldeko txostena egin diote Nafarroako aurrekontuen aurreproiektuari, zeinetan Transferentzia arrunten funtsa %4,5 handitu baita

Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek, joan den urriaren 29an egin bilkuran, aldeko txostena egin diote Nafarroako 2019ko aurrekontu orokorren aurreproiektuari. Horretaz gain, honako honi ere egin diote aldeko txostena: hutsik dauden etxebizitzen erregistroa arautzen duen dekretuaren proiektuari, desfibriladoreak paratzeko beste bati eta ogasunari buruzko araudiko aldaketa bati, zeinak aldaketak baitakartza tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoen ordainarazpenetan eta gainbalioen zergan aplikatu beharreko tasen eguneraketan.

 

Toki entitateek, Nafarroako aurrekontuen aurreproiektuari onespena emateko, oinarri izan dute, oro har, jasoko duten funtsa ekitaldi honetako baino %3,11 handiagoa izanen dela eta, bestetik, Transferentzia Arrunten Funtsa %4,5 handituko dela (KPIa gehi bi puntu, ekainetik ekainera, dagokion legean ezarri bezala). Gainerako transferentzietan, salbuespenak salbuespen, ez da aldaketa handirik izanen.

Guztira, Gobernuak 370,2 milioiko transferentziak aurreikusten ditu (303,6 transferentzia arruntetarako eta 66,5 kapital transferentzietarako). Bien hazkundea, hala ere, ez da parekoa: transferentzia arruntak %3,7 handitu dira, eta kapitalekoak, berriz, %028. Azken horiek izozturik gelditu dira praktikan, baina pixka bat hobetuko lirateke azkenean gauzatzen badira Nafarroako Parlamentuak onetsitako finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioen planean aurreikusitako inbertsioak, beste 25,7 milioiko ekarpena eginen baitute.

 

Departamentuek aurreikusitako ekarpenenen artean, nabarmendu beharra dago aurrekontu ildo batzuk handitu direla, hala nola bake epaitegiak, musika eskolak, zahartze aktiborako ekintzak, herri-lurretako ureztaketak eta nekazaritzako azpiegitura publikoak konpontzeko laguntzak, hondakinen funts berria, tokiko agenda 21en barneko jarduketak, uholdeak prebenitzeko plana, udal industrialdeetarako laguntzak, edo Iruñerriko hiri garraioa.

 

Bestalde, nabarmen murriztu dira, besteak beste, eskolen kontzentrazioaren funtzionamendurako partidak, inbentarioak prestatzekoak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte larrialdietako laguntzak, antzokien sarea, kirol jarduerak edo euskararako laguntzak.

 

Aldaketak ordainarazpen lokaletan

Aurrekontuen proiektuarekin batera, Gobernuak foru legearen aurreproiektu bat ere aurkeztu zuen, zenbait aldaketa egiteko ogasunaren aldetik. Toki entitateei dagokienez, nabarmendu behar da arauketa berri bat dagoela zerga izaera ez duten ondare-prestazio publikoen ordainarazpenei buruz. Zerbitzu koaktibo batzuk ukitzen ditu, Toki Ogasunei buruzko Foru Legean arautzen direnak, noiz eta halako zerbitzuak, zuzenean eman beharrean, kontzesio araubidean ematen baitira ekonomia mistoko sozietateen bidez, entitate publiko-enpresarialen bidez, erabat publikoak diren sozietateen bidez eta zuzenbide pribatuko beste formula batzuen bidez.

 

Zerga izaerarik gabeko ordainarazpentzat araututa, toki entitateen ordezkariek dudak agertu zituzten BEZa eta premiamendu bidea ere aplikatzekoa zaien. Ildo horretan, adierazi zuten ezen, aldaketek aldeko txostena izateko, Gobernuak txosten tekniko bat aurkeztu behar zuela bi puntu horien inguruan; gobernuak, bere aldetik, eskaera hori onartu zuen.

 

Aldaketak gainbalioaren gaineko zergak

Toki Ogasunei buruzko Foru Legea aldatzeko aurreproiektu berak eguneratzen ditu hiri lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari (gainbalioa) lotutako operazioei aplikatu beharreko tasak, zeinak toki entitateen aldeko txostena jaso baitzuen. Hona hemen:

Tasak sorrera epearen arabera

0,63       20 urte edo gehiago

0,56       19 urte

0,43       18 urte

0,29       17 urte

0,16       16 urte

0,06       5 urtetik 15era

0,20       4 urte

0,28       3 urte

0,18       2 urte

0,09       urte 1 edo gutxiago.

 

Hutsik dauden etxebizitzen erregistroa

Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek, halaber, aldeko txostena egin zioten Nafarroan hutsik dauden etxebizitzen erregistroa eta horren deklarazioa egiteko prozedura arautzen dituen foru dekretuari. Nafarroako Gobernua arduratuko da etxebizitza bat hutsik deklaratzeaz, eta, horretarako, presuntzioetan oinarrituko da. Gero, udalei emanen die deklarazio horren berri, hutsik dauden etxebizitzen zentsuan sar dezaten, zeina Toki Ogasunei buruzko Foru Legean aurreikusita baitago, eta gero kasuan kasuko zerga ordainaraz dezaten.

 

Etxebizitzak erregistroan inskribatzeko, Gobernuak adierazi du aplikatu beharreko tasak onetsirik dituzten udalerriek izanen dutela lehentasuna.

 

Desfibriladoreak paratzea

Orobat, toki entitateek oniritzia eman zioten kanpoko desfibriladore automatizatuak paratzea eta haien erabilerarako prestakuntza arautzen dituen foru dekretuaren proiektuari. Berritasunen artean, testuak arautzen du non izanen den nahitaezkoa bat paratzea.

 

Toki entitateei datxekiela, honako hauek aipatu behar dira: kiroldegiak, igerilekuak 700 lagunetik gorako ikastetxeak, 500 pertsonatik gorako edukiera baimendua edo aurreikusia duten kirol edo jolas instalazioak, establezimenduak, ekitaldiak egiteko instalazioak edo aire libreko eremuak, 700 pertsonatik gorako edukiera duten kultura edo jolas jarduerak eta abar.

 

Gainera, udaltzaingoa, udal agenteak edo albienteak dituzten udalerrietan ere eduki beharko da desfibriladorea, eta patruila-ibilgailu batek gutxienez eraman. Udalerria 10.000 biztanletik gorakoa bada, ibilgailuen erdiek izan beharko dute.

 

Bukatzeko, 100 plazatik gorako eguneko zentroetan eta egoitzetan ere eduki behar da desfibriladore bat.