Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Nafarroako igerilekuen osasun eta segurtasun baldintzak aldatu ditu Osasun Departamentuak

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onetsi du Nafarroako igerilekuek higiene, osasun eta segurtasun arloan bete behar dituzten baldintzak aldatzeko, halako instalazioak erabiltzen dituztenen osasuna eta segurtasuna zaintzearren. Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek ikus-onetsi zuten araua, Gobernuak haien proposamen nagusiak jaso ondoren.

Honako hauek dira berrikuntzarik aipagarrienak: igerilekuetako ontzietako uraren kalitatea Estatuko araudira egokituko da; igerileku estalietako airearen kalitateak bete beharreko baldintzak sartuko dira; eta zehaztuko da zer jakinarazi behar dieten igerilekuen titularrek erabiltzaileei.

Beste berrikuntza batzuk: igerileku berriak egitean edo daudenak eraberritzean, erantzukizuneko adierazpena aski izatea, betiere proiektu teknikoa eta materialen eta zoladuraren ez-irristagarritasunaren ziurtagiriak erantsita; segurtasun eta uraren kalitate arloan gutxieneko baldintzak finkatzea hogei etxebizitzatik gorako jabeen erkidegoetan, landetxeetan eta ikasle-egoitza nagusietan; eta soroslearen zerbitzua izateko betebeharretik salbuestea hogei etxebizitzatik gorako eta berrogeita hamarretik beherako erkidegoak eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten hotelak.

Halaber, testuak beste berrikuntza batzuk dakartza: uretako atrakzioen erregulazioa, segurtasunaren ziurtagiria eta igerilekuetako ontziei lotuta ez dauden uretako atrakzioen erregulazioa.

Gainera, arauak administrazio prozedurak sinplifikatzen ditu, funtzionamenduaren urteko baimenak erantzukizuneko adierazpenekin ordeztea arautzen, egun indarra duten gidaliburu normalizatuetan oinarritutako ur laginak nola hartu finkatzen, eta kapitulu batean arau-hausteak eta zehapenak xedatzen, Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legean ezarritakoa garatu eta zehazten dituztenak.

Araudia eguneratzea

Dekretu hau onestearen arrazoietako bat da denbora luzea iragan dela aurrekoa onetsi zenetik (2003), baita horren aplikazioan esperientzia irabazi dela eta Estatuan oinarrizko arau berriak argitaratu direla ere. Zentzu horretan, aipatu beharra dago testuaren funtsezko helburuetako bat dela arau bakar batean biltzea Nafarroako igerilekuak ukitzen dituzten guztiak.

Dekretuak xedapen iragankorrak ere baditu, non epeak finkatzen baitira baldintza berriak betetzeko sorosleen prestakuntzari dagokionez, eta aurreko araudian ezarritako moratoriari eusten baitzaio, instalazioetako zenbait baldintza egokitzea 2020ra arte atzeratzeko.