Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

NUKFk lanean jarraitzen du hauteskunde elkarteen eta alderdien soberako gastuaren arazoa konpondu nahian

Iruñean, 2018ko urriaren 11n. NUKFk lanean jarraitzen du hauteskunde elkarteen eta alderdien soberako gastuaren arazoa konpondu nahian. Presidenteak, Pablo Azconak, ukitutakoei azaldu zien, Burlatan joan den urriaren 10ean egin bilkura batean, zer egin den orain arte eta zer egin gogo den etorkizun hurbilean.

Federazioak azken bolada honetan jakinarazi bezala, Kontuen Auzitegiak jarduketak hasi eta, zenbait kasutan, espedienteak ireki ditu hauteskunde elkarte eta alderdi batzuek gastu muga gainditzeagatik 2015eko hauteskundeetan. Alorrari buruzko araudiak, zeina urte hartan aldatu baitzen azken aldiz, 11 euroko muga ezartzen du biztanle bakoitzeko; hori ez da behar adinakoa, zalantzarik gabe, hauteskunde kanpaina txikienari ere heltzeko. Araudi berak zehazten du, halaber,  diru zehapen handi samarrak ezarriko zaizkiela muga hori gainditzen dutenei. Lege aldaketa horiek indarra hartu zuten azken legegintzaldiaren erdialdean edo bukaeran, eta, oro har, ezezagunak ziren hautagaitzetan parte hartu zutenentzat.

Nafarroan, 57 hautagaitza ukitu ditu egoera horrek –horietako gehienak, hauteskunde elkarteak–, eta orain diru zehapenak jasotzeko arriskua dute.

Egindako jarduketak

Bilkuran, Azconak jakinarazi zien hara joandakoei zer egin duen ordura arte Federazioak horren inguruan. Besteak beste, aipatu behar da jarraipena egin zaiela Kontuen Auzitegiak toki entitate bakoitzarekin egin jarduketei, bai lehenengo fasean, bai zehapen espedienteak irekitzekoan, eta aholkularitza eman zaiela defentsarako ekintzen inguruan.

Era berean, NUKFk zenbait gestio egin ditu oraingo legedia aldatzeko (Alderdi Politikoei buruzko Legea eta Hauteskunde Araubideari buruzko Lege Orokorra), problema bera ez izateko 2019ko kanpainarekin. Lehenago adierazi bezala, ezinezkoa da kanpaina txikiena ere martxan jartzea halako gastu muga baxuarekin.

Gestio horien artean, aipatu behar dira Barne Ministerioarekin, Espainiako Udal eta Probintzien Federazioarekin, Nafarroako diputatu eta senatariekin eta Nafarroako Parlamentuan izandako bilerak. Azken horrekin Federazioak hitzartu zuen zuzenketa multzo bat prestatu eta igorriko ziola, aipatutako legedia aldatzeko, Nafarroako ganberak, bere aldetik, Gorteen aurrean tramita zezan.

Oraingo egoera

Egun, nahiko egoera nahasia dago Kontuen Auzitegian. Alde batetik, hauteskunde elkarteei dagokienez, espedienteen instruktoreak Osoko Bilkurari proposatu zion ebazpenaren arabera, ez dago zer egotzi, hauteskunde elkarteak azkendu baitziren hauteskundeak egindakoan, eta, hortaz, ezin da inoren aurka jo. Auzitegiaren Osoko Bilkurak, ordea, ez zuen proposamena onartu, eta instruktore berari agindu zion beste proposamen bat idazteko.

Beste aldetik, alderdi politikoei dagokienez, Osoko Bilkurak beste sei hilabetez luzatu du prozedura, baina oraingoz ez du inongo ebazpenik eman.

Beste jarduketa batzuk.

Bukatzeko, Federazioko presidenteak jakinarazi zien bilerara joandakoei zer jarduketa egin gogo duen entitateak. Hasiera batean, Gorte Nagusiko ordezkariekin bilduko da berriz, azaltzeko Nafarroako Parlamentura aurkeztutako zuzenketak, eta eskatzeko haien babesa eman dezaten Kongresuan eta Senatuan. Gainera, bilkura berriak egin gogo dira Ministerioarekin eta Espainiako Udal eta Probintzien Federazioarekin. Hori guztia araudia aldatzeko xedearekin 2019ko kanpainarako.

Besteak beste, honako hau proposatu zaie: hautagaitza guztiek gutxieneko gastu bat izatea, 2.500 eurokoa, udalerriko biztanle kopurua edozein dela ere; eta gastu horien barnean ez sartzea posta gastuak, horiek partida guztia agortzen ahal baitute.

Bukatzeko, Federazioak jarraituko du jarraipena egiten Kontuen Auzitegiaren jarduketa bakoitzari eta aholkularitza ematen ukitutako elkarteei.