Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Toki entitateek onespena eman diote Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Legearen proiektuari, baldin eta oinarrizko araudia betetzen badu eta autorregulazio ahalmenari eusten badio

Toki entitateek Toki Araubideko Foru Batzordean dituzten ordezkariek aldeko txostena egin zioten, joan den urriaren 2an, Herritarren Partaidetzari buruzko Foru Legearen aurreproiektuari, betiere, baldin eta testuak ez badu alorreko oinarrizko araudiaren kontra jotzen eta esku ez badu sartzen udalen autorregulazio ahalmenean.

Gobernuak Federazioari igorritako zirriborroan zenbait aldaketa onetsi ondoren egin da aldeko txostena. Esaterako, onetsi zen arauaren aplikazio eremuan toki entitateak sartzea, ezertan galarazi gabe berariazko araudian eta erregelamendu organikoetan xedatutakoa.

Orobat, udalbatzetako kideak gaitzesteko aukera ezartzen duten xedapenak aldatu ziren, osoko bilkuretako taldeei egokitu baitzaie hura tramitatzeko erabakia, erregelamenduzko prozedurekin bat. NUKFk ulertzen du toki araubideari buruzko legedian ezarritako prozedurei jarraikiz egin behar direla udalbatzetako kideak kontrolatzeko jarduketak. Gainera, proposatu zuen ezen, gaitzespen ekimenak tramitatzeko, horrek lotura izan behar zuela udalaren kudeaketarekin.

Toki entitateei dagokienez, Gobernuaren testuak bi xedapen mota dakartza. Batzuek partaidetzako prozesuak arautzen dituzte: deliberazio prozesuak, parte hartzeko prozesuak, kontsultak eta jendaurreko aldiak. Eta beste batzuek, berriz, helburu dute herritarren ekimenak sustatu eta arautzea.

 

Memoria Historikoko Tokiei buruzko Foru Legearen proiektua

Toki entitateen ordezkariek aldeko txostena egin zioten, berebat, Nafarroako Memoria Historikoko Tokiei buruzko Foru Legearen aurreproiektuari, zeinak helburu baitu Nafarroako memoria historikoko tokien izendapena, babesa, zaintza eta hedapena arautzea, memoriaren zabalkuntza egiten duten eremuak izan daitezen eta bakearen eta elkarbizitzaren kultura susta dezaten. Halakotzat joko dira, besteak beste, hilobi indibidualak eta kolektiboak, atxilotze eta erailtze tokiak, Frankismo garaian presoek bortxaz eginiko obra publikoak eta horretarako sortuko den erregistroan hala inskribatuko diren gainerakoak.

Testuak zehazten duenez, Foru Komunitateko Administrazioa lankidetzan arituko da toki entitateekin haren izendapenean eta zaintzan.

 

Aldeko txostena Kultura Eskubideei buruzko Foru Legeari

Bestalde, toki entitateek, Toki Araubideko Foru Batzordearen bilkura berean, aldeko txostena eman zioten Nafarroako Kultura Eskubideei buruzko Foru Legearen aurreproiektuari ere, zeinak helburu baitu bermatzea pertsona guztiak eskubide horietaz baliatzen direla.

Testuak, 4. artikuluan, eskubide horiek zerrendatzen ditu; horietako asko orokorrak dira erabat, hala nola bizitza kulturalean libreki parte hartzeko eskubidea, edo nortasun kulturala hautatzekoa, edo kultura informazioa sortu eta hedatzekoa.

Horiekin batera, beste neurri batzuk zehazten dira, hala nola administrazioek poliki-poliki bermatzea kultur etxeetarako sarbide fisikoa, psikikoa eta zentzumenezkoa, Foru Administrazioak web atari bat sortzea, Nafarroako kultura ondareaz baliatzeko eskubidea, publikoa zein pribatua izan, eta abar.

Nafarroako Kultura Kontseilua ere arautzen da, eta administrazioek kultur arloan dituzten betebeharrak zehazten.