Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Onetsi da Toki Inbertsioen 2017-19 Planari buruzko Foru Legea aldatzen duen proiektuaren irizpena

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak joan den irailaren 26an onetsi zuen Toki Inbertsioen 2017-19 Planari buruzko abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketari buruzko irizpena.

Foru Legearen proiektuak helburu du, batetik, Toki Inbertsioen Planaren kudeaketa salbuestea 84/2017 Foru Aginduan ezarritakotik, non adierazten baita kasuan kasuko aurrekontu ekitaldiaren barnean eduki behar direla buruturik inbertsioak, eta, bestetik, akatsak zuzendu, bikoiztasunak kendu, tramitazioa arindu eta kontzeptu batzuk argitzea. Horrek lotura zuzena du oraingo Toki Inbertsioen Planaren indarraldian atzemandako gorabeherekin (2016ko abenduaren 1ean onetsi zuen Parlamentuak).

Espedienteen kudeaketa hobetzeko eta bermatzeko inbertsioen finantzazioa aurrekontuan ezarritakora egokitzen dela, baimena ematen da konpromiso ekonomikoak ekitaldi desberdinei egozteko, obra gauzatzea noizko aurreikusten den, eta zerbitzu eskudunak txostena eman ondoan.

Toki Inbertsioen Planaren ekarpenak eta beste laguntza batzuk bateragarriak izateaz, jasotzen da nahitaezkoa dela frogatzea beste funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

Bestalde, salbuespeneko araubideko sarbidea aldatzen da, nahitaezkoa izanen baita inbertsioa doitzea, edo, bestela, beste finantzabide bat proposatzea puntu horri heltzeko eskaera egin baino lehen. Orobat, laguntzaren irismena zuzentzen da, BEZa bezainbeste igoko baita hura kengarri ez duten inbertsioetarako, toki entitatearen ezgaitasun ekonomikoa eta finantzarioa egiaztatu ondoren.

Salbuespeneko araubide horri heldu ahal izateko baldintzen artean, ezartzen da 0,20 igo behar dela gutxienez lur-ondasunen gaineko kontribuzioa, baina, betiere, azken tasa ez bada 0,30etik beherakoa eta 0,50etik gorakoa, eta horri eutsi behar zaiola obra gauzatzeko epean eta hurrengo lau urtean.

Era berean, larrialdi prozedura egokitzen da Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen edukira, bi prozedura zehatzago bereizten baitira, bata premiamendu jarduketetarako eta bestea jarduketa osagarrietarako.

Bestalde, 22 bis artikulua eransten da, helburu duena prozedura berri bat arautzea (hasierako baimena). Horrek, Toki Inbertsioen 2017-19 Planean geroago sartzeko eskubideari eutsita, baimena ematen du erreserbako behin betiko zerrendan dauden inbertsioak hasteko.

Beste alde batetik, ahala ematen zaio Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari inbertsioak gauzatzeko epeak finka ditzan. Epeak handitzeko aukera aurreikusten da, salbuespenez.

Obraren hasierari dagokion ekarpena %50etik %60ra igotzen da. Hala, toki entitateek ahalmen ekonomiko handiagoa izanen dute, eta, gainera, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari baimena ematen zaio hasierako fasean gastu bolumena handiagoa izateko.

Legeak zigor araubide berria xedatzen du. Izan ere, obraren hasiera bi hilabetetik gora atzeratzea erabateko bazterketatik kentzen da, eta bazterketa partzialetik, berriz, inbertsioaren bukaeraren ziurtagiriak epez kanpo aurkeztea.

Era berean, determinazio libreko araubidea aldatzen da (toki entitate onuradunek libreki zehaztu beharreko inbertsioak), kudeaketa arinagoa izateko eskumenak udalen esku utzi dituzten kontzejuetan edo egokitzeko txostena epez kanpo eskatu dutenetan; hala, baimena ematen zaie kasuan kasuko udalei egokitzeko txostenak eskatu, inbertsioak gauzatu eta ordainketak tramitatzeko.

Orobat, epe berriak zehazten dira determinazio libreko ordainketak eskatzeko; gisa horretan, abenduaren 1a izanen da epemuga 2018. urteari esleitutako obra eta jarduketen kasuan, eta 2019ko azaroaren 1a (nahiz salbuespenez abenduaren 1era arte luza daitekeen), berriz, 2019. urteari esleitutako obra eta jarduketen kasuan.

Hiri hondakinen tratamenduari buruzko atalean, eta ingurumen arazo larriak edo oso larriak dituzten hondakindegiekin lotutako jarduketei dagokienez, aurreikusten da laguntzeko zenbatekoaren %95era arte igotzea ekarpen ekonomikoa, BEZa barne, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak txosten loteslea egin ondoren.

Proiektuko xedapen iragankorrari jarraituz, obraren hasierako eta erdiko ordainketak erregularizatuko dira, baldin eta lege honek indarra hartu baino lehen tramitatu badira, eta %10 igoko da toki entitateak eskatzen duen hurrengo ordainketa.

Parlamentuak heldu den urriaren 4an onetsiko du Toki Inbertsioen 2017-19 Planari buruzko araudia aldatuko duen legea.Aldaketa horiek helburu dute araudia malgutzea obrak errazago gauzatzeko.