Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Aurrekontuen egonkortasunari buruzko araudia eta toki elkarteen hauteskunde kanpainen finantzazioa, besteak beste, Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak eta NUKFko presidenteak aztertutako gaietako batzuk

Iruña, 2018ko abuztuaren 21a. Pablo Azcona NUKFko presidenteak eta José Luis Arasti Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak, gaur goizean Estatuko erakundearen egoitzan egin duten bileran, aztertu dute noraino komeni den aurrekontuen egonkortasunari buruzko araudia aldatzea edo, areago, indarrik gabe uztea, betiere toki entitateen atalei dagokienez, eta nola konpontzen ahal den, ahalik eta azkarren, toki elkarteen hauteskunde kanpainen finantzazioaren arazoa, besteak beste. NUKFk eskatuta egin da bilera, eta helburu izan du bi administrazioentzat interesekoak diren gaiak lantzea, ordezkari berria joan den ekainean karguaz jabetu baitzen.

Izzan ere, Federazioko presidenteak Arastiri azaldu dio zer arazo duten hauteskundeetako toki elkarteek: hauteskunde kanpainarako gastu muga hain da txikia non ezin baitute batere kanpainarik egin. Egoera horrek ekarri du, jakina denez, Kontuen Auzitegiak jarduketak hastea, eta horren ondorioz, zenbait kasutan, zehapen espedienteak martxan jarri dira delako muga gainditzeagatik. Azconak Gobernuaren ordezkariari adierazi dio hauteskundeei buruzko araudia aldatu beharra dagoela heldu den 2019ko maiatzean toki hauteskundeak egin baino lehen, elkarte horiek modua izan dezaten kanpaina egiteko.

Bestalde, Federazioko presidenteak eskatu du, toki entitateek Espainiako Udal eta Probintzien Federazioaren bitartez egiten duten bezala, aurrekontuen egonkortasunari buruzko araudia aldatu behar dela, udalek legezko izan dezaten gastuak handitzea gastu arauak ezartzen duenaren gainetik eta superabita inbertitzea bidezkotzat jotzen dituzten politiketan. Jakina denez, egun araudi horrek galarazten du aurrekontua handitzea, ez bada BPGren portzentaje berean, eta, hori dela bide, ezin dira erabili sortzen diren superabitak. Azconak gogora ekarri du bilkuran Nafarroako ia ehun udalek eskatu dutela, kasuan-kasuan onetsitako mozioen bidez, araudia guztiz indargabetu dadila.

Bilkura berean, bi entitateen elkarlanaren xedeko eta intereseko beste gai batzuk errepasatu dituzte bi ordezkariek, hala nola, toki hauteskundeen prestaketa, bai eta bien partaidetza duten batzordeak ere, hala nola bideozaintzarena, erroldatze kontseilua eta immigrazio kontseilua.