Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta hirugarrenenak, zure nabigazioa optimizatu, zure nahietara egokitu eta analisi-lanak egiteko. Nabigatzen jarraituz gero, gure Cookieei buruzko politika onartzen duzu.

Nafarroako udalen zorra 200 milioitik behera jaitsi da (eta zergatik)

Nafarroako udalen zor bizia, 2017ko abenduaren 31n, 176 milioi eurokoa izan zen, hau da, 200 milioitik beherakoa. Langa horretatik gora egon da azken hamarraldian gutxienez. Jaitsiera aipagarria izan da (%16,5), batez ere kontuan hartzen bada urte bat lehenago 211tik gorakoa zela. Beste toki entitateen zorra (mankomunitateena, kontzejuena…) ia-ia hutsaren hurrengoa da.

Gainera, gero eta gehiago dira batere zorrik ez duten udalak; izan ere, abenduan 112 ziren guztira (%41).

Aipatu behar da, bestalde, zorra izatea normala dela toki entitateetan, zeren egin behar izaten dituzten inbertsioak (kaleak, argiak, eraikinak…) zati batean kredituen bidez finantzatzen baitira, eta horiek hurrengo urteetan amortizatzen dira. Izan ere, horregatik jaisten ari da etengabe zorpetutakoa udalerrien kopurua.

Zergatik jaitsi den hain azkar zorra

Arrazoi nagusia da azken urteotan toki entitateek ez dutela apenas inbertsiorik egin, apal-apalak izan baitira Nafarroako Gobernuaren departamentuen diru-laguntzak eta Toki Inbertsioen Planarenak. Eskuarki, departamentuen diru-laguntzek eta Funtsaren ekarpenak inbertsio bakoitzaren zati bat estaltzen dute, eta udalak kredituaz baliatzen dira gainerakoa finantzatzeko. Foru Ogasunaren ekarpenak apaldu izanak Toki Inbertsioen Plan berriaren (2017-2019) lehenengo urtean ere izan du eragina, departamentua atzeratu baita 2017ko obren espedienteen tramitazioan eta horrek ekarri du ekitaldi horretan oso obra gutxi hasi izana.

Madrilek krisian aurrekontuen egonkortasunari buruz onetsitako araudia da zorraren maila azkar apaldu izanaren beste arrazoi bat. Lege horien artean, esaterako, gastuaren araua deiturikoa dago, zeinak debekatzen baitu aurrekontuak onestea BPGtik gaineko igoera badute, nahiz eta jakin diru-sarrerak handiagoak izanen direla. Arau horretaz gain, beste muga batzuk ere badaude sortzen diren superabitak erabiltzeko, eta horregatik, udalak beharturik daude oso maiz zorra amortizatzeko erabiltzera.

Orobat, ez da baztertu behar arrazoietako bat dela ekonomiak oro har onera egin izana, horrek ekarri baitu administrazioaren diru-sarrerak handitzea.

Kudeatzaile onak

Hori guzia, hala ere, ez da aski azaltzeko udal finantzen egoera ona, arrazoi nagusietako bat baita toki entitateek kudeaketa ona egin dutela, ohi duten moduan. Ekonomiak gora egiten duenean nahiz behera egiten duenean, hautetsiek zuhurtziaz jokatzen dute baliabide publikoak kudeatzeko orduan, eta, azken urte hauetan, oso gutxi dira neurriz kanpo gastatu duten udalerriak.