NUKFko presidenteak Parlamentuan azaldu zuen nolako arazoa duten Nafarroako eskualde batzuek despopulazioa dela eta

18 apirila, 2018
By

Variaciones por comarcas con leyenda (2)111NUKFko presidenteak, Pablo Azconak, Parlamentuan azaldu zuen Nafarroako eremu handi batek despopulazioaren eta narriadura demografikoaren arazo larria duela, Concejo aldizkariak jasotzen duen moduan bere 350. zenbakian, Nafarroako udalerriek 2007tik 2017ra bitarte izan duten populazio-eboluzioari buruzko txosten batean.

Azconak arazoaren nondik norakoak agertu zituen Landa Garapenaren, Ingurumenaren eta Toki Administrazioaren Batzorde batean. Halaber, despopulazioaren ondorio txarrak aipatu zituen, eta eskatu administrazio guztien artean koordinatutako neurriak har zitezela.

Concejo aldizkariaren azterlanaren arabera, aipatu hamarraldian, Estellerriko, Erdialdeko, Zangozaldeko eta Pirinioetako eskualdeek galdu dute populazioa.Ipar-mendebaldeko Nafarroan, populazioa zegoen moduan gelditu da, nahiz eta saldoa positiboa den, eta Tuteraldeko Erribera, berriz, %4 hazi da.Bestalde, Iruñerriak eta ondoko haranek hazkunde handiak izan dituzte, eta komunitateko populazio gehiena biltzen dute.Hamar urtean, Iruñea eta hirigune jarraitua osatzen duten inguruko udalerriak pasa dira erkidegoko populazioaren %51 izatetik %54 izatera.

Narriadurarik handiena hiru eremutan izan da:Kodes ingurua eta Estellerriko mendebaldea, Tafallatik Zangozara eta Aragoiko mugaraino doan tartea eta Pirinioa.Hiru eremu horietan, zenbait udalerrik biztanleen %30 galdu dute hamar urtean, eta joera hori lehenagokoa da.

Ondorioak

Federazioko presidenteak adierazi zuen, orobat, landa eremuaren narriadura demografikoa ondorio txarrak dituela ekonomian (baliabideak ez baitira behar bezainbeste probesten), kulturan (bizimoduak eta adierazpideak galtzen direlako, eta kultura ondare materiala zein immateriala hondatzen), historian (belaunaldien arteko segida galtzeagatik), populazioaren zahartzean (gazteek eta lan egiteko adina dutenek alde egiten dutelako) eta abarrean. Berebat, adierazi zuen zenbait zerbitzu handitu beharra dagoela, batik bat adinekoekin lotuta daudenak; hori, zehaztu zuenez, enplegua eta aberastasuna sortzeko aukera bat izan daiteke.

Konponbideak

Azconak onartu zuen zaila dela landa eremuetako despopulazioaren arazoa konpontzea, baina, hala ere, haiekiko elkartasunaren alde egin zuen, zeren, adierazi zuenez, azkenean erkide osoaren onurarako izanen baita.Haren esanetan, sektore anitzetan ekin behar da, anbizioz, administrazio guztien artean koordinatuta, bai industrian edo turismoan, bai hezkuntzan, osasungintzan, azpiegituretan eta abarretan. Ildo horretan, defendatu zuen Nafarroako udalerri guzti-guztiek eduki behar dituztela oinarrizko azpiegiturak eta ekipamenduak.“Ez gara diskriminazio positiboaz ari, baizik eta nafar guztiek oinarrizko zerbitzuak eta bizi kalitatearen gutxieneko estandarrak izateko duten eskubideaz”.

GARDENTASUNAREN ATARIA

Portal de Transparencia

TOKI AGENDA